Bihar, larunbata, kontzertu lirikoa eskainiko dute Coliseoan "In Cantibus" taldearen hiru ahotsek

Bihar, larunbata, kontzertu lirikoa eskainiko dute  Coliseoan "In Cantibus" taldearen hiru ahotsek
2020/02/14 eta kitto!
Bihar, zapatua (otsailak 15) “In Cantibus” taldearen kontzertu lirikoa hartuko du Coliseo Antzokiak, 20:30etik aurrera. Iker Freire tenoreak, Elena Roldan kontraltoak eta Maria Montes sopranoak musika klasikoaren ikuspegi orokorra eskainiko dute. Hainbat genero eta musika-estiloen errepasoa egingo dute: abesti barrokoak, opera, zarzuela… Hori guztia giro atsegin eta erakargarrian. Gehiago jakiteko Maria Montes soprano eta kantu irakaslearekin egon gara.

- Egon zarete inoiz Coliseo Antzokian?
“In Cantibus”eko beste kide batekin, Ermuan bizi den Elena Roldan kontraltoarekin hain zuzen, orain dela urte batzuk eduki nuen Coliseoan abesteko aukera Bilboko Koro eta Ganbera-Orkestrako solista gisa. Orkestra honetan bakarlari eta kantu-irakasle gisa hartzen dut parte. “In Cantibus” hirukotea sortu genuenean kontzertu ugari eskaini genituen, baina arrazoi familiarrengatik geldirik eduki dugu urte batzuetan. Dena dela, gutako bakoitza proiektu desberdinetan murgilduta egon da. Biharko kontzertuan gurekin batera Anastasia Chermyavska pianista errusiarra egongo da.

- Zer prestatu duzue biharko kontzerturako?
Obra barrokoarekin hasiko gara,  kantu napolitanoak eskainiko ditugu eta zarzuelarekin amaituko dugu. Zarzuela jendeari asko gustatzen zaio, beraz “in crescendo” joango gara. Bakarka, binaka eta hirurak elkarrekin abestuko dugu.

- Kantu lirikoa ogibide dutenek diote ez dela bakarrik lanbide bat, bizitzeko modu bat ere badela. Nola iritsi zara mundu honetara?
Ni txikia nintzenean oso tipikoa zen musika ikastea. Piano eta gitarrako goi mailako ikasketak egin ondoren kantu ikasketak egin nituen, eta azkenean nire bizitza kantuari eskaini diot. Antzerki eskola profesional batean lanean egon nintzen 7 urtez kantu irakasle bezala Algortan. Kontserbatorio pribatu batean nago orain, kantu lirikoa eta modernoa ematen. Nire bizitzako parte bat da, gauza natural bat. Ezagutzen nauen jende askok ez daki lanbide honetara dedikatzen naizenik, eta harrituta gelditzen dira kontzertu baten ikusten banaute.

- Kantu lirikoa osasuntsu dagoela esan daiteke?
Nik uste dut momentu ona bizi duela. Euskaldunako kontzertuak bete egiten dira. Gero eta zaletasun handigoa dago, eta kontzertuetara doan neurrian jendeari gehiago gustatzen zaio. Ikuskizun zoragarria da. Gainera, gaur egun kantua ikasten dagoen jende asko dago. Kantua oso osasungarria da. Nik beti esaten dut Gizarte Segurantzan sartu beharko litzatekeela. Gorputz oso lantzen da. Ariketen bidez, ahotsaz gain gorputza ere konpontzen da.