Marta Torres, antzerki-zuzendaria: “Ipuinen bitartez umeen izaera bustitzen da”

Marta Torres, antzerki-zuzendaria: “Ipuinen bitartez umeen izaera bustitzen da”
2019/10/11 eta kitto!
Giambattista Basile napolitanoak 1636. urtean idatzi zuen Errauskineren lehen ipuina. Ordutik istorioaren hainbat bertsio idatzi dira eta ‘Teatro de Malta’ konpainiak ‘Errauskine XXI Mendea’ izeneko antzezlana ekarriko digu bihar 17:00etan Coliseora. Mende honetako Errauskine aurkeztuko digu Marta Torresek zuzentzen duen antzezlanak.

 

- Nolakoa da XXI. mendeko Errauskine?

Maisuki antzeztutako pailazo ikuskizun bat ikusiko du publikoak. Protagonistak instrumentistak dira gainera eta musika joko dute zuzenean. Oso dramaturgia zirkularra duen ikuskizuna da. Hau da, antzerkia du antzerkiaren barruan. Baliteke umeek kontzeptu hau ez arrazoitzea, baina antzerkia toki komun bikaina da belaunaldi ezberdinetako jendearentzat eta helduek oso momentu atsegina pasa ahal izango dute. Errauskineren istorio klasikoaren argumentu berdina du, baina genero-rolak apurtu ditugu. Errauskinek ipuin klasikoan bizi duen egoera berdina bizi du, baina neska indartsua, ausarta eta segurua da. Printzea, berriz, mutil sentibera eta ameslaria da, eta beste batek noiz erreskatatuko duen zain dago.

- Printze eta printzesen istorioak iraganeko kontuak dira?

Nire antzerkiarekin ez diet umeei ezer erakutsi nahi, munduarekiko dudan ikuspegia azaltzea bakarrik (nagusientzako antzerkia egiten dudanean bezala). Ipuin klasikoek umeen hezkuntza baldintzatzen duten genero-rolak eramaten dituzte eta gauza bi egin ditzakegu horren aurrean: batetik, umeei azaltzea ipuin horiek beste errealitate batean kokatuta daudela; edo bestetik, ‘Errauskine XXI Mendea’ lanarekin egiten saiatu naizena, hau da, ipuin horiek kontatzea genero-rolak apurtuz. Pertsonen osaeraren oinarri indartsuak dira ipuinak. Ipuinen bitartez umeen izaera bustitzen da.

- Ipuin klasiko hauek berrikustea komeni da?

Baietz uste dut eta hori egiten dut ipuin klasiko hauek esku artean ditudanean. Esan bezala, diren moduan aurkeztu daitezke ipuin hauek, baina umeei argi utziz iraganeko errealitate batean kokatuta daudela. Zer da aldaketa gehienak gelditzen dituen gauza? Estereotipoak. Etxean eta ipuinen bitartez ikasten ditugu, besteak beste, eta oso zaila da estereotipoak apurtzea. Beraz, ia derrigorrezkoa izan beharko litzateke fikzioaren bitartez igortzen dugunaz jabetzea.

- Antzerkia belaunaldi ezberdinak biltzeko toki egokia dela diozu. Antzezlanean igortzen den mezua gurasoek entzutea komeni da?

Gaur egun kalitate handiko antzerkia egiten da umeentzat eta, esan bezala, familientzat toki komun bikaina izan daiteke. Gorakada konpainiak eskaintzen dituen antzezlanak, adibidez, esperientzia ederrak dira ume zein helduentzat. Umeei zuzendutako lanak dira, baina interpretazio- eta ekoizpen-maila handia dute.

- Pailazoak egonda, antzezlanean ez da umorerik faltako, ezta?

Asko gustatzen zait umorearen bitartez lan egitea. Denetarik egiten dut, drama ere, baina irteeran publikoa sartzen denean baino pixka bat alaiago egotea gustatzen zait. Positibatzen duen antzerkia eskaintzea gustoko dut. Gainera, umorearen bitartez edozer gauza kontatu daiteke eta umorea drama bezain hunkigarria izan daiteke.