Miren Amuriza, idazlea: “Paperaren aurrean jartzeko bultzada sentitzen dut”

Miren Amuriza, idazlea: “Paperaren aurrean jartzeko bultzada sentitzen dut”
2019/09/22 eta kitto!
Bertsolaria, zutabegilea, idazlea eta berbek eskaintzen dituzten sormenerako aukerak landu eta gozatzen dituen emakumea da Miren Amuriza. ‘Basa’ izeneko liburua idatzi du, helduei zuzenduriko bere lehen eleberria, eta irailaren 24an, 19:00etan, ‘Harixa Emoten’ saioan izango dugu Portaleko 3. batzartokian, liburuaren irakurleekin solasaldia izateko.

 

- Sabina da liburuaren ardatza. Nor da bera? Nolakoa da?

Adineko emakume zaildu bat da. Urteetan zehar bizi izan duen bizimodu gogorrak gogortu duen emakumea. Baserriko testuinguruan bizi da eta testuinguru hori erabiliko du bere gogortasuna adierazteko.

- ‘Andre basa’ berbak erabili izan dituzu Sabina deskribatu edo izendatzeko. Nola ulertu behar da kontzeptu hori?

Liburuan apropos sartu nuen basa berbaren definizioa. Basa gauza asko izan daiteke, baina Sabinak grina basati bat du. Etxekotua izateari uko egiten dion pertsona da, naturarekin harreman estua du eta hortik ulertzen du andre basaren izaera hori. Gauza bat da andre basa izatea, Sabina bezala, eta beste bat basandrea, kutsu mitologiko idealizatu horretatik baserriko andrea ikusi izan dugun ohiko modua.

- Andre lurtar bat irudikatu nahi zenuela ere aipatu izan duzu. Nola sortzen da horrelako pertsonaia bat? Errealitatean oinarritu zara?

Uste dut denok abiatzen garela errealitatetik edo inguruan dugun horretatik. Nire kasuan Sabina ez, baina Sabinaren profilekoak diren hainbat andre eduki ditut inguruan: amamak, auzokoak, izebak... Eta collage moduko bat osatzen saiatu naiz.

- Hizkuntzari garrantzi berezia eman diozu idazterako orduan?

Bai, uste dut literatura munduan dabilen edozeinek egiten duela ahalegina arlo horretan. Testua oso laburra eta trinkoa izango zela nekienez, dauden berba, esaldi eta parrafo apurretan ahalik eta berbarik zehatzenak bilatzen saiatu naiz, narrazioa ahalik eta bisualena izan zedin. Bestalde, pertsonaien elkarrizketetan edo Sabinaren bakarrizketetan ahalik eta ondoen egokitzen zen hizkuntza bilatzen ahalegindu naiz.

- Helduei zuzenduriko zure lehen eleberria da ‘Basa’. Nolakoa izan da idazteko jarraitu duzun prozesua?

Ikasketa prozesua izan da. Umeentzako liburuak eta idatzizko hedabideentzako zutabeak idazten ibilia nintzen, eta uste nuen hau ariketa berdina izango zela, baina modu luzean, eta ez du zerikusirik. Eleberri batek eskatzen dituen aurrelanak, kokapenak... prozesu estua izan da, ni neu ere estua naizelako neure buruarekin. Hurrengo baterako argi samar dut zer egin behar ez dudan.

- Bertsotan ezagutu zintugun, baina orain idazle, zutabegile eta beste hainbat sormen lanetan diharduzu. Gauza ezberdinak egiteko beharra sentitzen duzu?

Niretzat zorte handia da hain gustoko ditudan gauzekin egunerokoa aurrera atera ahal izatea. Kontestua aldatuko balitz ere, idazteko edo abesteko tarte bat topatuko nuke. Beste batzuek, adibidez, mendira korrika egitera, bidaiatzera edo lagunekin kaña bat hartzera joateko bultzada sentitzen dute, eta nik paperaren aurrean jartzeko bultzada sentitzen dut.

- Bertsolaria izanik ohituta zaude jendaurrean aritzera, baina ‘Harixa Emoten’-en zure liburuaren irakurleekin egingo duzu solasaldia. Eroso sentitzen zara horrelakoetan?

Bai. Uda aurretik saio batzuk egin nituen eta egia da esperientzia ezberdina dela. Bertsotan jendaurrean aritzen gara, baina lana eraikitzen dugun momentua izaten da momentu hori eta ez gaude ohituta gure lana defendatzera, saltzera edo aurkeztera. Hori da liburuarekin gertatzen dena. Kokatzen ari naiz oraindik, baina ederra da paperean dagoenak hartzen duen bolumena ikustea pertsona baten begietatik eta bestearen barrenetik pasatu denean. Ea zer dioten Eibarko irakurleek.