Miren eta Iosu Zulaika, musikariak: “Arraroa da sare sozialetan zuzeneko kontzertuak eskaintzea”

Miren eta Iosu Zulaika, musikariak: “Arraroa da sare sozialetan zuzeneko kontzertuak eskaintzea”
ETA KITTO 2020, Mai 16

Zulaika anai-arrebek musika odolean daramatela erakutsi dute itxialdian. ‘Jaixak Herrixak Herrixandako’ plataformak eta ‘Zaindu’ Eibarko Zaintza Sareak antolatutako zuzeneko emanaldiak eskaini dituzte Facebooken eta Instagramen. Aitzakia ederra izan da Mirenek eta Iosuk elkarrekin abesteko, eta bien dohain artistikoak etxetik herri osora zabaltzeko.

 

Facebooken eta Instagramen zuzeneko emanaldiak eskaini dituzue azkenaldian. Nolako esperientzia izan da?

IOSU: Esperientzia berria izan da. Arraroa. Normalean ikusi eta sentitu dezakegun publikoa izaten dugu aurrean; eta kasu honetan publikoa egon da, baina ez genuen euren erreakzioa ikusten.

MIREN: Jendeak iruzkinak zuzenean egiten ditu sare sozialetan, baina gu abesten eta jotzen gaudenez, ez dugu irakurtzeko denborarik. Amaitzean bai, irakurri genituen. Arraroa izan da. Emanaldietan, amaieran, txaloak edo dena delakoak entzun ohi dira, baina kasu honetan ez genekien abestia jendearen gustukoa zen ala ez. Hotzagoa da.

Aurretik entseatu eta prestatu behar izan zarete?

MIREN: Emanaldiak eskaini baino egun bat lehenago ibili ginen abestiak aukeratzen eta entseatzen.

Beno, baina igarri da aurretik elkarrekin jo duzuela.

MIREN: Ez pentsa! Kostatzen zait anaiak nirekin jotzea. Koarentena hasi zenean Eibarrera etorri nintzen Edinburgotik (Eskozia) eta pentsatu nuen gutxienez musika joko nuela anaiarekin. Baina ez pentsa, jotzeko esaten diodanean ezetz erantzuten dit beti. Kontzertu hauek elkarrekin entseatzeko aukera eman digute. Txikitan bai jotzen genuen gehiago elkarrekin.

Koarentena eramangarriagoa egin zaizue kontzertu hauekin?

IOSU: Bai. Azken finean zerbait ezberdina izan da, ez da egunero egiten dugun zerbait. Abestiak prestatzen, entseatzen, jotzen… denbora atsegina pasatu dugu.

Nondik datorkizue musikarekiko zaletasuna?

IOSU: Amaren partetik, gitarra jo eta abestu egiten zuelako. Txikitatik ibili gara musikaren inguruan.

MIREN: Koroan, musika-eskolan, musika-tresnak jotzen… ibili gara.

Zelako musika jotzea gustatzen zaizue?

MIREN: Orokorrean abesti geldoak jotzen ditugu.

IOSU: Nik gitarra akustikoa jotzen dudanez, zerbait akustikoa egiteko moldatzen gara. Ia edozer gauza moldatu ahal da akustikora, baina jo ditugun abestiek pop kutsua dute.

Musika afizioa da zuentzat ala zerbait gehiago izan daiteke?

IOSU: Miren dagoeneko izan da abeslari famatua (barreak).

MIREN: Hori zen nire ametsa. Amak beti esaten zidan buruan usoak nituela, txoriak beharrean (barreak).

IOSU: Musikaren inguruan zerbait egiteko aukera badugu, primeran.

MIREN: Zerbait egitea gustatuko litzaidake, baina musikaren mundua nola dagoen ikusita oso zaila da. Dena dela, musikaren inguruan mugitzen gara.

Ez duzue pentsatu elkarrekin zerbait egitea?

MIREN: Ea Iosuk zer dioen, ezin diot gehiagotan errepikatu.

IOSU: Sare sozialetan zuzenean jotzeko martxa hartu dugunez, gehiagotan egin dezakegu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »