Museoak ‘Hemingway & Euskal Herria’ erakusketa jasoko du bihartik aurrera

Museoak ‘Hemingway & Euskal Herria’ erakusketa jasoko du bihartik aurrera
2022/03/03 eta kitto!
Ernest Hemingay idazleak Euskal Herriarekin eta bereziki Eibarrekin izan zuen lotura kontatzen duen ‘Hemingway & Euskal Herria’ erakusketa jasoko du Armagintza Museoak bihartik apirilaren 30era arte. Izan ere, ehizarako zaletasunak Eibarrera behin baino gehiagotan ekarri zuen.

Literatura Nobel saria jaso zuen idazleak ia 40 urtez Euskal Herriko kulturarekin eta jendearekin izan zuen lotura sendoaren eta zabalaren testigantza ematen da erakusketan. Horretarako, Hemingwayren objektu, argazki, ikus-entzunezko, idazki eta bitxikeriak jasoko dira bertan. Edukia lantzeko orduan Edorta Jimenez erakusketaren komisarioaren eta Iñaki Sagarna historialariaren laguntza jaso dute museoan.

Sarrera doan izango da eta hau da ordutegia: eguaztenetik zapatura 16:00etatik 20:00etara eta domeketan 10:00etatik 13:30era.