North School, Debabarreneko rap maisuak

North School, Debabarreneko rap maisuak
ETA KITTO 2022, Ots 18

Renk C.A, Polo Opuesto (M. Rek eta Katxo), Esco, A. White, Emeka, DRJ, Ash eta Heissek rap ikuskizuna eskainiko dute bihar, 20:00etan, Errebal Plazan. Artista hauek North School osatzen dute, rap eta hip-hop doinuen inguruan Debabarrenan sortutako kolektiboa.

Hasierako laurekin egon gara estudio, bilgune eta sorleku bezala erabiltzen duten lokalean. North School ez da eskola bat, baina raparen inguruan asko irakatsi digute.

 

Nola elkartu zineten North School kolektiboaren barruan?

KATXO: Xunek (Renk C.A) North School sortzeko proiektua zuela-eta hurbildu nintzen eurengana, eta, gero, Martinek (M. Rek) eta nik Polo Opuesto taldea sortu genuen orain dela bost urte.

M.REK: Hasieran, Katxo (Mikel Oregi) eta ni gure kontura ibiltzen ginen rapeatzen, baina behin Soraluzeko jaietan elkartu ginen kasualitatez, elkarrekin rapeatzen hasi ginen eta oso ondo moldatu ginen.

ESCO: Ni orain dela bost urte hasi nintzen idazten, baina aspalditik entzuten nituen Xune, Polo Opuesto eta abarrak. Orain dela urtebete cypher bat (raperoen arteko bat-bateko kolaborazioa) egin genuen Soba kolektibokoekin eta, horren harria, North Schoolen sartu ginen DRJ eta ni.

RENK C.A: 2016an North School sortzeko proiektua nuen buruan eta inguruko lagun eta ezagunak sartu nituen bertan. Azkenean, North School musika proiektu bat baino gehiago bilakatu da, lagunak gara.

 

Batzuetan bakarka egiten duzue, beste batzuetan talde bezala, kolaborazioak egiten dituzue… Kide kopuru jakin bat dago North Schoolen?

KATXO: WhatsApp taldean zortzi lagun gaude, baina atzean dagoen jendea, kontzertuetara etortzen direnak, grabaketak egiten dituztenak… gehiago dira. Eurak ere North Schoolekoak dira. Gurea ez da kolektibo itxia.

RENK C.A: Urtero agertzen da jende berria, artista berriak ezagutzen ditugu eta beso-zabalik jasotzen ditugu.

M.REK: North School kolektibo musikal bat egiteko asmoz sortu zen, baina azkenean harreman estua sortu da gure artean eta familia handia osatu dugu.

 

Rap abeslari guztiek ezizena erabiltzen duzue. Nola egiten duzue aukeraketa hori?

KATXO: Nire kasuan, Cacho abizena dut. Orduan, letra batzuk aldatu ditut eta kitto. Escoren kasuan, Jon Escolar da bera; M. Rek Martin Rekalderen laburpen bat da…

M.REK: Graffitiak egiten nituenean Rek idazten nuen, baina gure artean Renk bazegoenez, M. Rek jarri nuen, ezberdintzeko.

KATXO: Ezizenek garenarekin edo gure izaerarekin zerikusia dute. Hala ere, izenek ez dute garrantzi handiegirik, egiten duzun musikak baizik.

 

Nola funtzionatzen duzue kolektibo bezala?

M.REK: Estilo librean jarduten dugu, bakoitzak nahi duen moduan. Batzuetan abesti bat sortzen duzu eta zuk zeuk interpretatu nahi duzu, baina hurrengo batean beste batekin abestea gustatuko litzaizuke. Ditugun sentsazioen arabera erabakitzen dugu. North School ez da guztiok batera abesteko sortu dugun zerbait. Izen horren barruan sartzen gara, elkarlana egiten dugu, estudioa montatu dugu… baina kantuak egiteko orduan libre gara. Adibidez, Katxo eta nik Polo Opuesto taldea dugu, baina abesti bat Escorekin kantatu nahi badut, Katxok parte hartu gabe, ez dago arazorik.

ESCO: Eragingarria da hori, batekin eta besteekin gauzak egiteko aukera sortzen delako. Adibidez, zerbait idazten dugunean, Whatsapp taldera bidaltzen dugu besteei erakusteko, euren ekarpenak jasotzeko edo dena delakoa, eta hortik kolaborazioak irteten dira.

KATXO: Gainera, denok modu ezberdinean abesten dugu. Estilo anitzeko kideak ditugu North Schoolen. Horrek aukera asko ematen dizkigu eta asko aberasten du gure lana.

 

 

Esan bezala, raparen barruan estilo ezberdinak daude eta lantzen diren gaiak ere ezberdinak dira. Nolako aldeak dauden zuen artean?

M.REK: Bakoitzari musika estilo bat gustatzen zaio eta bakoitzak espresatzeko modu bat du.

ESCO: Eta bakoitzak bere bizitza du! Kontatzen duzuna eta nola kontatzen duzun asko baldintzatzen dute zure bizipenek. Gero, elkartzen garenean sortzen dena polita da baita ere. Adibidez, Sobarekin egin genuen cypherra jendeari asko gustatu zaio. Bertan guztiok abesten dugu, bakoitzak bere estiloarekin, eta ederra da.

M.REK: Hori ondo dago. Guztiok beti berdin abestuko bagenu, gauza berdinak egingo genituzke beti eta artista, pertsona eta kolektibo moduan ez da batere aberasgarria.

 

Urte hauetan artista eta kolektibo moduan eboluzioa izan duzuela igarri duzue?

RENK C.A: Bai, azkenengo bi urteetan asko eboluzionatu dugula esango nuke. Gehiagotan elkartzen hasi gara, estudioa sortzeko proiektuarekin gure jarduna gehiago estutu dugu eta hori asko igarri da.

M.REK: Estudioa sortzeak asko lagundu digu artista moduan hobetzeko. Orain, abestiak egiteko tokia dugu, bertan gaudenez gauzak hobeto irteten dira, gauza berriak probatzeko aukera gehiago ditugu, eta abar.

RENK C.A: Orain, adibidez, edozein egunetan etorri gaitezke estudiora. 3-4 orduz tontoarena egiten eta probatzen egoten gara bertan, eta asko ikasten dugu.

 

Ahotsa eta ordenagailuarekin sortutako erritmoak erabiltzen dituzue musika egiteko. Baina ez da horren sinplea, ezta?

ESCO: Horren atzean mundu handia dago.

KATXO: Ekoizleek demaseko meritua dute. Ordenagailua parean eduki eta hainbeste botoi ikusita, galdu egiten naiz (barreak).

M.REK: Idazteko eta marratzeko moduan, musika ekoizteko bokazioa behar da. Batzuk erraztasuna dute horrelakoak egiteko eta hori da gakoa, bakoitzak bere gaitasunei zukua ateratzea.

RENK C.A: Rapa ikasteko autodidaktak izan gara. Rapa entzuten ikasi dugu musika egiten, inork ez digu esan hau horrela edo beste modu honetan egin.

M.REK: Ez gara solfeora joan (barreak).

 

Beno, rapak beste esentzia bat du, ez? Kaleko esentzia.

M.REK: Esentzia norberak du.

ESKO: Ez dugu irakaslerik izan, baina lagunak bai, eta asko ikasi dugu elkarrekin. Batak besteari aholkuak ematen dizkio eta funtzionatzen du.

M.REK: Zerbait lortu nahi baduzu, behin eta berriz saiatu behar zara gauzak egiten. Batzuetan, orri asko idatzi ondoren, idatzitakoa errepasatu eta kaka bat iruditzen zaizu. Orriak zaborrontzira botatzen dituzu, baina berriz hasten zara. Ondo pasatzea eta egindakoarekin ondo sentitzea da garrantzitsuena.

 

Musikaz gain, irudiari garrantzia ematen diozue bideoklipak sortuz eta abar. Zergatik?

RENK C.A: Inguruko jendeak egiten dizkigu bideoak. Batzuk guk geuk mobilarekin grabatu ditugu, baina editatzea beste kontu bat da, jakin egin behar da.

M.REK: Ikus-entzunezkoak oso garrantzitsuak dira, kontsumitzen den musikaren erdia bideoklipak direlako. Gaur egun, disko bat saltzeko obra bisual bat egin behar duzu.

RENK C.A: Gainera, bideoklipak beste forma bat ematen dio abestiari, osatu egiten du.

M.REK: Letrekin edo musikarekin espresatu ezin duzun zerbait esateko balio dezakete irudiek.

 

Eibarrek paisaia egokiak eskaintzen ditu rap abestien bideoklipak egiteko?

M.REK: Abestien araberakoa da hori. Balada bat baldin baduzu, agian fabrika artean grabatzea ez da egokiena; baina zerbait raperoagoa bada, toki ilunak eta itxiak ondo egon daitezke. Behar duzuna bilatu behar duzu eta toki guztiek dute bere ukitua.

ESCO: Soba kolektibokoek asko lagundu digute bideoak egiteko orduan.

 

Beraz, probetxugarria da beste kolektiboekin duzuen harremana?

M.REK: Gure artean elkar laguntzen ez bagara, ez dakit nork lagunduko digun.

RENK C.A: Berrelikatu egiten gara eta guztion artean errazagoa da.

KATXO: Hor ikusten da komunitatearen garrantzia. North School zortzi leguneko taldea baino gehiago da.

 

Kolektiboaren barruan publikoa sartu duzue lehen. Nolako jarraitzaileak dituzue?

ESCO: Denetarik dago, baina orokorrean pertsona berdinak etortzen dira kontzertuetara.

KATXO: Hala ere, pandemiak dena zaildu du. Mugak egon dira, kontzertuak nahiko goiz eskaini behar genituen… Ez da gauza bera arratsaldeko 17:00etan jotzea edo 22:00etan.

 

Nolakoa izango da biharko saioa?

KATXO: Kontzertua eskaintzeko gogo asko dugu. Ikuskizun ona eman nahi dugu. Ez gara banan-bana irtengo, inoiz elkar aritu izango ez bagina moduan. North School bezala irtengo gara eszenatoki gainera eta binaka, hirunaka edo dena delakoa abestuko dugu.

North School kartela North School1

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »