Paula Iglesias, ‘Fabricando mujeres’: “Kontsumo-ohiturek emakumeon osasun fisiko eta mentalean eragiten digute”

Paula Iglesias, ‘Fabricando mujeres’: “Kontsumo-ohiturek emakumeon osasun fisiko eta mentalean eragiten digute”
ETA KITTO 2019, Aza 20

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna egingo da azaroaren 25ean eta, horren harira, Andretxeak eta Emakumeen Mahaiak hainbat ekintza antolatu ditu. Adibidez, hilaren 22an, barixakuan, ‘Fabricando mujeres’ izenburuko dokumentala emango dute 18:00etan Portalean, eta Kolonbiako ‘Corporación Educativa COMBOS Medellin‘-eko kideak egongo dira bertan . Al Borde Filmsek SETEMen laguntzarekin egindako lana da, Ana Serna eta Paula Iglesiasek zuzenduta.

fabricando mujeres

– Modu interaktiboan planteatu duzue ‘Fabricando mujeres’ dokumentala. Nola zehazki?

Dokumentalak bi zati ditu. Batetik, alde tradizionalena edo dokumental lineala. Eta bestetik, dokumental interaktiboa. Bertan, dokumentala zatitu egiten dugu eta ikusleak nahi duen moduan nabigatu dezake istorioko gai batetik bestera. Interakzio hau errekurtso bezala erabiltzea da gure ideia. Maila narratiboan istorio bat sortu dugu eta Maite izeneko 80 urteko emakume bat da protagonista. Berak ‘Emakumeen fabrikako’ hondakinak jasotzen ditu, gaur egun indarrean dagoen sistema ekonomiko kapitalistarekin konparaketa eginez, eta emakumeen estereotipoen barruan sartzen ez diren gauzak berrerabiltzen eta berrasmatzen ditu, beste esanahi bat emanez. Alternatiben laborategi bat da. Bi mundu horien artean eratzen da diskurtsua. Batetik, ‘Emakumeen fabrika’ dago, emakumeen aurka erasokorrak diren balioak eta rolak sortzen dituen sistemari lotutako gauzak batzen dituena. Eta bestetik, Maiteren taillarra, positiboa dena eta alternatiba eta soluzioak proposatzen dituena.

– Hainbat elkarrizketa jaso dituzue dokumentalean. Nolako ekarpena egin dute elkarrizketatuek?

SETEM Hego Haizea elkarteak egindako ‘Biolentzia kontsumitzen dugu’ ikerketatik abiatu zen dokumentala eta hiru ardatzetan banatzen da: etxea, estetika eta mugikortasuna. Dokumentalean Maitek egiten du ikerketa SETEMekin batera eta berak egiten ditu elkarrizketak, aipatutako hiru ardatzak kontuan hartuta. Horrekin, hiru arlo hauen barruan egiten den kontsumoaren bitartez sortzen diren biolentzia matxistak bistaratu eta aukera berriak proposatu nahi genituen. June Fernandez Pikara Magazineko kazetariak eta Silvia Federici idazleak euren esperientzia eta teorien berri ematen dute, eta Silvia Aguerok ijitoen feminismoari buruz jardun du, besteak beste.

– SETEMen ikerketaren arabera biolentzia kontsumitzen dugu. Zein biolentzia mota?

Lehen aipatutako hiru ardatzen barruan gertatzen direnak. Etxebizitza barruan gertatzen den biolentzia, adibidez. Hau da, garbiketa-produktuen eta elikaduraren ondorio den biolentzia. Normalean etxeko-lanak emakumeok egiten ditugunez, garbiketa-produktuen toxikoek emakumeoi eragiten digu gehienbat. Sistema kapitalista heteropatriarkalean ezarrita dauden rolengatik emakumeok jasaten ditugun biolentziak dira. Beste adibide bat jartzearren, mugikortasunari dagokionez, eskolan egiten den espazio publikoaren erabilerari buruz egiten dugu berba. Adibidez, jolastokiko erdigunea foballak hartzen badu, erdigunetik aldentzea proposatzen dugu eta bere ordez jolas kolaboratiboagoak sustatu.

– SETEMen ikerketan jasotzen diren biolentziek nolako eragina dute emakumeen bizimoduan?

Egitura-biolentziatik, kultura-biolentziatik eta biolentzia-sinbolikotik, biolentzia zuzenetaraino. Adibidez, kontsumo-ohiturek emakumeon osasun fisiko eta mentalean eragiten digute, eta gizarteak biolentziarekin tratatzen ditu emakume hauek.

– ‘Erreklamazio gunea’ duzue fabricandomujeres.org webgunean. Zer jasotzen duzue bertan?

Atal honen bitartez jendearen parte-hartzea sustatu nahi dugu eta, kontsumoaren bitartez sortzen diren biolentziak identifikatzen dituztenean, egoera horiek salatu ditzatela. Bestetik, alternatibak batzen dituen gune bat ere badugu dokumental interaktiboan, hau da, webgunean. Horrela, modu kolektiboan sortzen dugu kontakizuna. Creative Commons lizentziekin egiten dugu lan eta sortu ditugun erramintak denon eskura utzi ditugu nahi duenak erabiltzeko (hitzaldietan, formakuntza-saioetan…).

– Biolentzia sortzen duen kontsumo honekin amaitu ahal da sistema kapitalista indarrean badago?

Kolpe batez, ez. Hala ere, bide bat jarraitu dezakegu emakumeontzat oldarkorrak ez diren kontsumo dinamikak sortzeko. Guretzat kaltegarriak diren ohiturak zerbait positiboan bihurtu ahal ditugu, baina horretarako, kontsumitzen dugunaz kontzientziatu behar dugu eta kontsumo horrek kalte nola egiten digun jabetu.

– Hori lortzeko bidean gaude?

Bide honetan lan egiten duten ekimen asko dago. Beraz, eurekin bat egin beharko genuke biolentzia horiekin amaitzeko. Horregatik da garrantzitsua alternatibak ikusgarri jartzea, aukerak daudelako. Batzuetan gauza errezetan eta azkarretan jausten gara, eta normala da, hainbat erantzukizun ditugulako gure bizitzan (lanaldi hirukoitza, emakumeon kasuan). Pentsatzen dugun guztiarekin koherenteak izatea zaila da, baina gero eta ekimen gehiago dago eta eurekin bat egin dezakegu, eurek egiten duten lana aprobetxatuz. Adibidez, dokumentalean maskulinitate berrien ikuspegia irudikatu nahi izan dugu. Emakumeok bide bat hasi dugu eta gauzak aldatzen hasi gara, baina feminitateari eta emakume izateari buelta eman diogun moduan, gizonezko izateari buelta eman behar zaio baita ere, maskulinitate toxikoenetatik aldenduz. Esperientzia batzuk beste batzuk baino arrakastatsuagoak dira, baina antzeko bidean doaz eta nondik jo ahal dugun erakusteko balio digute.

– Dokumentala Portalean ikusteko aukera izango dugu hilaren 22 eta solasaldia egingo da ondoren. Zuzendariak bertan egongo zarete?

Uste dut ezingo garela egon, bi lankide bajan daudelako eta lanez lepo gaudelako. Eibarren egotea gustatuko litzaiguke, baina zaila izango da.

– Dokumentala han eta hemen eskaini duzue. Nola erantzuna jaso du ikusleen aldetik?

ZInebin aurkeztu genuen eta Euskal Herriko eta atzerriko hainbat tokitan eskaini dugu, eta oso erantzun ona jaso du. Dokumentalak kontakizun zabala egiten du eta, hainbat gauza kanpoan geratzen diren arren, sortzen duen eztabaida interesgarria da. Pertsona bakoitza aurkitzen den tokiaren arabera, ekimen berriak ezagutzeko balio dezake dokumentalak (feminismo lodiak eta errealitate arrazializatuak, adibidez). Pozik gaude dokumentalak izan duen erantzunarekin, eta badirudi bide berri bat hasiko duela eta telebista publikoan ikusi ahal izango dugula laster. Horrela, beste publiko batengana iritsi ahal izango gara.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »