Bisita gidatuak eta umeendako tailerrak antolatu dituzte “Pradoko Museoa kaleetan” erakusketaren inguruan

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Bisita gidatuak eta umeendako tailerrak antolatu dituzte “Pradoko Museoa kaleetan” erakusketaren inguruan
ETA KITTO 2019, Uzt 15

Aurreko astelehenean inauguratu zuten Untzagan “Pradoko Museoa kaleetan” erakusketa didaktikoa Alberto Albistegi eta Patxi Lejardi zinegotziek, Marina Chinchilla Pradoko Museoko Administrazio zuzendariordeak, Fernando Garcia Iberdrola España Fundazioko lehendakariak eta Fernando Perez Suescun erakusketaren komisarioak. Uztailaren 28ra arte ikusgai egongo den erakusketari esker, Madrilgo Museoan ikusgai dagoen bildumako lanik esanguratsuenak bertatik bertara ikusi ez ezik, jendeak irudiak ikutu, koadroei argazkiak egin eta normalean museoetan debekatuta dauden beste hainbat gauza egiteko aukera izango du. Izan ere, asmo nagusia artelanak herritarrei gerturatzea dela azpimarratu dute arduradunek, “Pradoko bildumak ezagutaraztearekin batera”. Horretarako, erakusketa martxan dagoen bitartean, 50 obra gerturatuko die eibartarrei, kalitate goreneko argazkien bidez.

Bisita gidatuak eta tailerrak

Bestalde, Untzaga plazan jarritako erakusketa osatzeko, bisita gidatuak eta haurrendako tailerrak eskainiko dituzte, dohainik. Bisita gidatuak astelehen, barixaku, zapatu eta domeketan (19:30ean eta 20:30ean) eta martitzen, eguazten eta eguenetan (20:30ean) izango dira. Umeendako “Las Meninas-Sorolla” tailerrak, berriz, martitzen eta eguenetan egingo dira, 19:00etatik 20:15era. Eta “Pradoko Museoa kaleetan” umeendako gymkana eguaztenetan izango da, 19:00etan. Jarduera guztietarako izen-ematea Untzagan bertan egingo da, jarduera hasi baino 15 minutu aurretik.

Interesgunea liburutegian

Erakusketan eskola piktoriko nagusiak daude ordezkatuta eta, koadroen egileen lanean zein eskoletan gehiago sakondu nahi dutenei horretarako aukera emateko asmoz, Liburutegian interesgunea prestatu dute, maisulan hauen informazioa jasotzen duten obrak eta monografikoak erabiltzaileen eskura jarrita.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »