San Andres elizako 3D kartografia digitala eta planoak egingo dituzte

San Andres elizako 3D kartografia digitala eta planoak egingo dituzte
2023/06/06 eta kitto!
Udalak San Andres elizako 3D kartografia digitala eta planoak egiteko zerbitzuak kontratatu ditu helburu bikoitzarekin: Batetik, ondorengo zaharberritze-proiektuak garatzeko aukera izateko, eta, bestetik, monumentuak gaur egun duen egoera xehetasunez dokumentatu, eta, eraikina berriz ireki arte, herritarrek eraikinaz modu birtualean gozatzeko aukera izan dezaten.

Ego Ibarra batzordeak azaldu duenez, “kartografia digitala ahalik eta azkarren kontratatzeko eta planoak jasotzeko beharra Eibarko hiriko eraikin historiko baten gutxieneko dokumentazio grafiko eguneraturik ez egotean oinarritzen da, izan ere, Eibarko Udalak babestu eta zaindu egin behar ditu Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasotako Kultura Ondarearen Katalogoaren arabera sailkatutako eraikinak”. Horrela, San Andres elizari babes handiena ematen zaio, hain zuzen A mailakoa, hau da, babes berezikoa.

Ego Ibarrak partida bat eskatu zuen 2023ko udal-aurrekontuan elizari buruzko 3D-ko dokumental bat egiteko, baina proiektua baztertu egin behar izan dute, “2023ko urtarrilaren 19an elizako dobeletako bat erori eta Gipuzkoako Gotzaindegiak 2023ko apirilean eliza ixtea erabaki zuelako eraikinaren erabiltzaileen segurtasuna erabat bermatuta ez dagoela ikusita, beharrezko diren zaharberritze-lanak egin arte. Hala ere, ondo etorri da oraingo asmo honi heldu ahal izateko”, batzordearen berbetan.