"Seres Electricos" aurkeztuko du Capsula taldeak ostiralean Coliseoan

"Seres Electricos" aurkeztuko du Capsula taldeak ostiralean Coliseoan
2020/10/21 eta kitto!
 Seres Electricos lana aurkeztuko du Capsula hirikoteak ostiral honetan 20:30ean Coliseo antzokian. Lan honekin "bidaia onirikoan murgiltzera gonbidatzen gaituzte, erretasun elektriko batean".

Argentinan jaio izan arren hogei urte luze egin ditu Capsulak jadanik Bilbon, Euskal Herriko talde internazionalena eta ibiltariena bihurtuta: Japonia, Estatu Batuak, Mexiko, Kanada, Hego Amerika eta Europan zehar ibili da nazioarteko jaialdi handietan Iggy Popen lagun, Pearl Jamentzat sarrera eginez... Seattleko KEXP irrati ospetsuan ere jardun dute.

Power hirukote honek hamaika LP atera ditu Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak blues, jazz eta rock zigiluaren babespean, eta David Bowieren omenezko diskoa grabatu zuteneko dokumentala New Jerseyko John Agnello ekoizlearekin. Lan honek David Bowieren beraren begiko laguna den Tony Visconti ekoizle eta zuzendari ospetsuaren arreta erakarri zuen. Beronekin argitaratuko zuten gero Solas Secrets (2013), David Frickek editoreak aupamen handia egin zion Rolling Stone aldizkarian, The Who, The Cramps eta Sonic Youth nahasketa psikodeliko baten emaitza zela esanez.

Grinatsu, kezkatsu, sortzaile eta soinu bilaketa etengabean eta nazioarteko kritikaren onespenaren jabe, gaur egun Gaztelupeko Hotsak eta Silver Recordingsekin batera Vicious Circlen argitaratzen dutela, Martín Guevara, Coni "Duchess" eta Álvaro Olaetxeak spacerock, psicodelia eta pop noise frekuentzietan bidaiatzen duten abestiak eskainiko dizkigute, "post-punk zein heavy psych erritmotan dabiltzan  `izaki elektrikoak´ horretan, indar erregarriko ikus-entzuteko bikaina."

Sarrerak 10€ balio du (7€ Coliseoaren Laguna).  Coliseoko leihatilan eskura daitezke ostiralean 17:30etik 19:00etara, edo Internetez:  https://tickets.kutxabank.es/…