Unibertsitate Laboralaren liburua aurkeztuko dute bihar arratsaldean udaletxean

Unibertsitate Laboralaren liburua aurkeztuko dute bihar arratsaldean udaletxean
2019/06/13 eta kitto!
Barixaku arratsaldean, 19:00etan aurkeztuko dute udaletxeko pleno aretoan “Eibarko Unibertsitate Laborala 1968-2018”, nahi duten guztientzat zabalik egingo den ekitaldian, 50. urtemugaren harira kaleratu duten liburua. Zapaturako, berriz, programazio zabala prestatu dute ikastetxearen mende erdia ospatzeko. Goizeko 11:30ean berriz aurkeztuko dute liburua, baina ekitaldia Unibertsitate Laboralean (San Andres aretoan) izango da. Horrekin batera, 11:00etan eta 12:00etan ikastetxean bisita gidatuak egingo dituzte (taldeak erdiko eraikineko sarreran osatuko dira) eta 11:00etatik aurrera sagardoa eta txorizo egosia hartuko dute, trikitixa doinuek lagunduta. 50. urteurreneko oroitzapen ekitaldia, berriz, 13:00ean hasiko da (ekitaldi aretoan) eta talde-argazkia 14:15ean egingo dute, jarraian han bertan egingo duten bazkaria hasi baino lehen. Ospakizunak arratsaldean jarraituko du, musika eta dantzaldiarekin.