Vicente Iriondoren kodigoari buruzko azalpenek jakinmina piztu dute 'Aztarnak' erakusketaren inaugurazioan

Vicente Iriondoren kodigoari buruzko azalpenek jakinmina piztu dute 'Aztarnak' erakusketaren inaugurazioan
2021/10/05 10:40 eta kitto!
Barixakutik ikusgai dago Vicente Iriondo margolariaren Aztarna erakusketa Oreka Art Galerian. Bertan, margolari eibartarrak hogeita hiru margolan erakusten ditu, berak ideatu duen kodigo baten arabera sortuak direnak, lerroz eta kolorez hornituak.

 

Vicente Iriondo (Eibar, 1953) ibilbide luzeko margolaria da eta patxada eta segurtasuna nabari zaizkio Oreka Art Galeriako inaugurazioan bere obraren berri ematen hasi denean: “Testua da espresatzeko modu bat eta hauxe da [margolana] nire testua. Hemen [margolanean] ikusten dena ikusten dena neu naiz. Ez du behar beste azalpenik. Hortik aurrera, margolana ikusita, bakoitzari irudituko zaio iruditu behar zaiona”, ohartarazi du.

 

Iriondoren kodigoa

Ohartarazpen hori egin ostean, ordea, margolanak sortzeko erabiltzen duen prozeduraren gaineko argibide batzuk eman dizkie ikusleei: ”Nik kodigo bat erabiltzen dut margotzeko. Lehenik kodigoa sortzen dut eta gero kodigo horren arabera marrazten ditut lerroak bozeto batean, gero kolorea eransten diot eta irudia gustatzen bazait, koadroan marrazten dut.”. Kodigoaren aipamenak are gehiago indartu du ikusleen interesa eta zenbakiz eta letraz osatu ohi duen sei-zazpi digituko kodigoaren esanahiaz galdetu diote. Berak ondorengoa erantzun du: “Hori galdetzea alfabetoa zela eratua dagoen galdetzea modukoa da. Hor dago emaitza [margolana] eta horixe da inporta duena”. Azalpen horrek ez du ase ikusleen jakinmina, alderantziz, are gehiago piztu du.

Bere hizketaldian zehar, Iriondok aipatu du urte luzez lan egin zuela Acelor Mitalen diseinatzaile industrial moduan eta adierazi du margolanetako lerro eta koloreak konbinatzeko moduak izan dezakeela zerikusia metalaren forma eta ezaugarriekin.

Azaldu duenez, zortzi bat urte dira estilo figuratibotik urrun dagoen lerro eta koloreen bidean abiatu zela. “Momentu honetan ez zait interesatzen irudi errealistak margotzea. Badakit zela amaituko den eta hori ez zait interesatzen. Ostera, kodigoaren bidez marrazten dudanean ez dakit eta hori interesatzen zait”, zehaztu du.

 

Plazentziako ‘Barrio latinoa’

Eibartarrak berba politak izan ditu ahotan Oreka Art Galeriaren inguruan iritzia eman duenean: “Plazentzian halako galeria bat izatea, kalera begira halako eskaparatea duena, barruan tertuliarako leku ederra eskaintzen duena… Zer gehiago behar dugu? Niri Parisko ‘Auzo latinoa’ gogorarazten dit”, adierazi du maitasunez.

 

Azaroan eta abenduan erakusketa gehiago

Bestalde, Alberto Ramirezek azaldu duenez, urte amaierara bitartean erakusketa gehiago izango dira Oreka Art Galerian. Azaroan Manolo Ollonarte eta Rafael Peñalverren (Villa de Madrid galeriako erakusketa zuzendaria) margolanak ikusi ahalko dira eta abenduan, berriz, Keixeta margolariarenak.

Aztarnak erakusketa zabalik izango da urriaren 29ra bitartean, astelehenetik barixakura, iluntzeko 19:00etatik 20:00etara. Harremanetarako: 635706690-943752139.