Vicky Rojas eta Dalila Cabrera, Voragine: “Aurrera egiteko gogoz gaude, finantzazioarekin edo gabe”

Vicky Rojas eta Dalila Cabrera, Voragine: “Aurrera egiteko gogoz gaude, finantzazioarekin edo gabe”
2020/05/22 eta kitto!
Vicky Rojasek eta Dalila Cabrerak Voragine websaila estreinatuko dute gaur 18.00etan (voraginewebserie.com-en eta YouTuben), eta 16:30retan aktoreek eta zuzendariek solasaldia egingo dute zuzenean Instagram kanalean. Filmazioa Bilbon eta Eibarren egin zen, eta euskarak berebiziko garrantzia duela aurreratu digute.

https://www.youtube.com/watch?time_continue=4&v=hEHPmCqQE3c

Urduri zaudete gaurko estreinaldiari begira?

DALILA: Urduri eta ilusioz gaude. Urte hauetan egin dugun lana jendeak ikusteko gogoz.

Uztailean egon ginen zuekin, grabazioa hasi aurretik. Nola joan zen filmazioa?

DALILA: Oso esperientzia polita izan zen.

VICKY: Beste proiektu batzuetan elkarrekin ibilitako jendearekin elkartu ginen, baina beste batzuek ez genituen ezagutzen, eta oso talde ona sortu genuen. Filmazioa nekagarria izan zen, baina oso giro ona izan genuen eta lan egiteko gogoz geunden. Berriz ere grabatzeko irrikitan gaude.

Beraz, Voragineren lehen mokadutxoa bakarrik dastatu ahal izango dugu gaur?

DALILA: Lehen kapituluak duen erantzuna ona edo txarra izan, aurretik pentsatuta genuena grabatuko dugu. Aurrera egiteko gogoz gaude, finantzazioarekin edo gabe. Demaseko babesa eskaini digu talde osoak. Hala ere, lehen kapituluarekin, aurrekontu eta baliabide gutxirekin zer egiteko gai garen erakutsi nahi dugu, eta, posible bada, gure proiektua babesteko jendea aurkitu.

VICKY: Websailaren atal guztiak idatzita daude, grabatzen jarraitu ahal izateko behar dugun finantzazioa bakarrik falta da. Publikoari lehen kapitulua gustatzen bazaio, enpresei atentzioa emango diela uste dugu.

Dena dela, edonork eman diezaioke babesa websailari?

DALILA: Bai, patreon.com eta ko-fi.com webguneen bitartez mikromezenasgorako bideak eskaintzen ditugu, eta jendeak babes ekonomikoa eskaini diezaioke proiektuari. Patreonen bitartez eginez gero, ekarpena egiten dutenek sariak lortzen dituzte hilero, ematen duten diruaren arabera: websailaren materiala inork baino lehenago ikustea, filmaziora etortzeko aukera, pertsonaia berriei izena jartzea…

VICKY: Bestetik, proiektu honen bitartez, jendea bere istorioa kontatzera animatu nahi dugu. Batzuek uste dute baliabide nahikorik ez dutela, edo zerbait sortzeko inor ez direla. Beraz, jendea gauzak sortzera animatzeko kameren atzean gertatzen dena eta sortze-prozesua erakutsi nahi dugu (hori da sarietako bat).

Hiru urte daramatzazue proiektu honekin. Nolako prozesua izan da?

DALILA: Gorabeherak izan ditugu eta nahiko gogorra izan da, lan asko egin dugu-eta, baina merezi izan du eta oso pozik gaude emaitzarekin.

Pandemia erdian estreinatuko da Voragine. Egoerak kalte edo alde egin dizue?

VICKY: Gauza biak. Batetik, alarma-egoera ezarri zen astean gauza batzuk grabatzeko asmoa genuen, baina ez zen posible izan. Eta bestetik, momentu aproposa da websaila aurkezteko, jendeak, halabeharrez bada ere, denbora gehiago ematen baitu etxean.

DALILA: Voragine ezingo dugu nahi genuen moduan aurkeztu, baina etorkizunean egingo dugu zerbait.

Alicia Erik Miranda Veronica