Larrialdi eta Emergentzietako XXIII. Jardunaldiak egingo dira Armeria Eskolan

Larrialdi eta Emergentzietako XXIII. Jardunaldiak egingo dira Armeria Eskolan
2018/11/27 eta kitto!
Urgentzia eta Larrialdietako Espainiako Medikuntza Elkarteak (SEMES Euskadi-EKALME) urtero antolatzen dituen Larrialdi eta Emergentzietako XXIII. Jardunaldiak Eibarren, Armeria Eskolan izango dira eguenean, San Andres bezperan. Gaur goizean eman dute horren berri Miguel de los Toyos alkateak, Idoia Sarasketa Gizartekintza saileko zinegotziak, Patxi Ezponda EKALMEko presidenteak eta Iñaki Paredes jardunaldiaren antolatzaile nagusiak. “Garai seguruak” izenburuari jarraituta antolatu duten egitarauak egun osoa beteko du, goizeko 09:00etan hasi eta 20:00ak arte.

Egun osoan zehar, Euskadiko urgentzietako eta larrialdietako langileek beraien lanari buruz jardungo dute berbetan eta, antolatzaileen berbetan, “jardunaldiei esker, parte hartzen dutenek beste profesional batzuen esperientziak entzuteko aukera izango dute eta hori aberasgarria da beti. Hitzaldiez gain tailerrak egingo dira eta, besteak beste, 20 proiektu zientifiko baino gehiago aurkeztuko dira”. Lehen hitzaldia Joaquín Ríos Sanbernardo, Bartzelonako Larrialdi Zerbitzuetako lurralde arduradunak emango du. Esan dutenez, iazko abuztuan Ramblasen gertatutako atentatuaren ondorengo egoera zuzendu eta koordinatu behar izan zuen eta esperientzia horri buruz berba egingo du. Goizean zehar bost mahai-inguru egingo dituzte eta arratsaldean izango dira tailerrak, sari banaketa, ahozko komunikazioak eta EKALMEren urteroko biltzarra, besteak beste. Jardunaldiak antolatzen 60 bat lagunek jardun dute beharrean eta internet bidez 225 lagunek parte hartzeko izena eman dute. Hala ere, egunean bertan ere izena eman daitekeenez, 275 partehartzailera ailegatzea espero da.

XXIII Jornadas 3