Liburuaren Eguna sare sozialen bitartez ospatzea proposatu du Juan San Martin liburutegiak

Liburuaren Eguna sare sozialen bitartez ospatzea proposatu du Juan San Martin liburutegiak
2020/04/23 10:42
eta kitto!
Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur eta Juan San Martin liburutegiak bat egin nahi du ospakizunekin. Gaur egun bizi dugun ez ohiko egoeran, ordea, norberak bere etxetik ospatu beharko du eguna, sare sozialak lagun.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x300

Liburutegiak ‘Grabatu zaitez irakurtzen’ ekimena jarri du martxan eta, parte hartzeko, herritarrek bideo bat grabatu beharko dute liburu baten pasarte bat irakurtzen. Horrela, parte hartzen dutenen artean liburuak erosteko 100 euroko bonoa zozketatuko du liburutegiak.

Bideoa grabatzeko orduan, ahal izanez gero, libururen azala agertzea eskatzen dute eta, bestela, liburuaren izenburua eta egilea aipatzea. Bideoek 45-60 segundoko iraupena izan behar dute gehienez eta liburutegiaren sare sozialetara (Twitter, Facebook edo Instagram) igo beharko dira, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko propio sortutako sarreren harian edo iruzkinetan #LiburuarenEgunaEibarren traola erabiliz.

Sare sozialak erabiltzen ez dituztenek, berriz, emailez (liburutegia@eibar.eus) edo WhatApp (688 691 733) bitartez bidali ahal izango dituzte bideoak. Lanak entregatzeko epea apirilaren 30ean, 20:00etan, amaituko da.

 

Umeentzako lehiaketa

Liburutegiak herriko umeei ere eskaini nahi die Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko aukera. ‘Zu ere ipuin kontalari’ lehiaketa sortu du eurentzat eta honako pausoak jarraitu beharko dituzte parte hartzeko: “Gustokoa duzun ipuin bat aukeratu, grabatu bideo bat ipuina kontatzen, bidali liburutegia@eibar.eus helbidera eta liburutegiaren YouTube kanalera igoko dugu”. Bideoak entregatzeko epea apirilaren 30ean, 20:00etan, amaituko da eta parte-hartzaileen artean liburuak erosteko 100 euroko bonoa zozketatuko da.

liburuaren eguna1