Lore Azpiri, behargina: “Gazteok borrokara batzeko momentua dela uste dut”

Lore Azpiri, behargina: “Gazteok borrokara batzeko momentua dela uste dut”
ETA KITTO 2020, Urt 29

– Zergatik erabaki duzu grebarekin bat egitea?

Azken aldian pentsiodunek egindako mugimenduak, Martxoaren 8aren ingurukoa eta beste hainbat ikusita, hauen inguruan gazteak non kokatzen garen pentsatzera garamatza. Eta, puntu horretara ailegatuta, gaur egungo sistemaren baitan gazteok bizitza proiektu duin bat eraikitzeko aukerarik ez dugu. Grebarako deialdia lan, pentsio eta bizitza duinen alde denez, hori guztia batzen duela uste dut. Azken batean, bere garaian pentsiodunen mugimendua ere solidaritate batetik sortu zen, eskatzen dutena guri ere eragiten digun zerbait delako. Gauzak horrela, grebarekin bat egitea beharrezkoa ikusten dugu, besteak beste gizartea sortze horretan muga batzuk edo jartzeko.

– Zure moduko gazteei lan merkatuan sartzea tokatzen zaizue berez. Horretarako ordua ailegatzen zaizuenean zerekin egiten duzue topo?

Lan merkatua gaur egun prekarizaziotik definitzen da. Gainera prekarizazio hori ez da lan merkatura mugatzen, bizitzaren beste esparruetara zabaltzen den zerbait dela esatea garrantzitsua dela uste dut. Ez duelako ahalbidetzen antolakuntza, aisialdia, militantzia… herrian partehartzea, azken batean. Prekarizazioak horiek guztiak zaildu egiten ditu. Egunotan aldarrikatzen ari den gutxieneko 1.200 euroko soldata, adibidez, eskaera iraultzailea dela dirudi, baina benetan ez da horrela, ezta gutxiago ere. Urte batzuk atzera begiratuz gero, hori eskatzea inolako erokeria ez dela argi ikus dezakegu. Baina errealitatea da gazteok ez dugula lan merkatuan horrelako baldintzarik topatzen, nire inguruan ikusten ditudanak prekarizazioaren ereduak dira: aldibaterakotasuna, ordu extrak, lanaldi partzialak, lanaldiaren %100era ailegatzen ez den lana… Eta horiek guztiak ez dira gure borondatez, besterik eskaintzen ez digutelako baino. Horrelako baldintzen aurrean aurkitzen gara. Gainera, daukagun gutxi hori galtzeko beldurrarekin, ez noa esatera protestatzen ez dugunik, baina horretarako aukerak murriztu egiten dira. Horregatik, urtarrilaren 30erako greba pixka bat hortik lotuta doala pentsatzen dugulako, erabaki dugu gazteok grebarekin bat egitea.

– Gaztea izateari emakumea izatea gehituz gero, egoera are okerragoa dela uste duzu?

Horrela da, bai. Era honetako greba orokorretan zaintza bera erdigunean jartzeko momentua izaten da. Bestela ere, argi dago neska izanda lehen aipatutako zailtasun guztiak bikoiztu egiten direla langile bezela eta emakume bezela bizitza uztartu ahal izateko.

– Pentsiodunen mugimenduak egiten dituen eskaeren artean, badago lan munduari zuzen-zuzenean lotutako bat: 2011. eta 2013. urteetako lan erreformak bertan behera lagatzea. Nola eragiten dizuete aipatutako erreforma horiek?

Ez naiz aditua, baina argi ikusten da erreforma horiekin lortu dituzten pribilegioak ez dituztela ezertarako ikutu nahi eta langileen eskubideak urratzen jarraitzen dute. Urtea hasi denetik hona prekarizazioak biktimak izan ditu, 8 langile hil dira eta.

– Zergatik pentsatzen duzu jendeak grebarekin bat egin beharko lukeela?

Nik uste dut gazteok asko daukagula esateko eta greba honetan sujeto aktibo izan gaitezke. Aldarri indartsuak ditugu, bai lurraldearen aitortzari begira, bai lehen aipatutako gutxieneko 1.200 euroko soldata, arazo garrantzitsua den etxebizitza eta emantzipazioa ere bai… uste dut ertz batean ez bada bestean izango dela, denok aurkituko dugula geure burua identifikatuta eta borrokara batzeko momentua dela.

Greba Orokorra Eibarren!

05:30: Pikete informatiboa. Azitaingo industrialdean.

09:00: Greba gunearen irekiera. Untzagan.

12:30: Manifestazioa. Untzagatik.

14:30: Bazkaria. Bakoitzak berea ekar dezala.

16:30: Pikete informatiboa. Untzagatik.

18:00: Manifestazioa.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »