Maite Lorenzo, poeta: “Errezitatu beharreko poema norberak bere egitean magia sortzen da”

Maite Lorenzo, poeta: “Errezitatu beharreko poema norberak bere egitean magia sortzen da”
2018/06/08 eta kitto!
Maite Lorenzo antzezle eta poetak zuzentzen duen Itzamna Poesia Tailerrak emanaldi bereziarekin agurtuko du ikasturtea, bihar 21:00etan Ibarkurutzeko iturriaren inguruan (euria egingo balu, emanaldia Estaziño kalean dagoen San Agustin elizan izango da). Seigarrenez egingo den poesia errezitaldian toki berezia beteko du Federico Garcia Lorcaren lanak, hain zuzen ere Granadako poeta eta idazlea jaio zela aste honetan 120 urte bete direnean. Horrez gain, beste urteetan egindakoaren bidetik zuzeneko musikarekin lagunduko dituzte poesia errezitaldiak: Elena Martin Lapeirak zuzentzen duen Juan Bautista Gisasola abesbatzak, Enrique “El Vaca” gitarrajoleak eta Alberto Luis Egia pianojoleak hartuko dute parte, poesiak errezitatuko dituzten 20 bat lagunekin batera.

- Kurtso amaiera biribila izaten ari da zuretzat, orain dela egun batzuk Bilbon saria eman dizute eta…

Bai horixe! Oso pozik nago, bai antzerkian bai poesiarekin gauzak ezin hobeto irtetzen ari dira eta. Orain dela egun batzuk Bilboko Boulevard lehiaketan lehen aldiz parte hartu eta saria eman zidaten, ezusteko ederra izan zen benetan. Tokia bera, errezitatzera joandakoei entzutea, norberak errezitatzea, entzutera joandako jendea… oso giro berezi eta polita sortu zen. Bilbok poesiagintzan oso tradizio luzea du, 70 urtetik gorako ibilbidearekin eta lehiaketako epaimahaian oso maila handiko hiru lagun egon ziren. Errezitatzen genuen bitartean ez zuten inolako keinurik egin, ez zuten aldaketarik txikiena ere egin aurpegiaren espresioan… ezinezkoa zen pentsatzen ari zirena asmatzea. Jende guzti horren aurrean Eibarko tailerrean egiten ari garen lana ezagutzera emateak asko poztu nau.

- Hain zuzen ere, bosgarren urtera ailegatu da zure eskutik Itzamna akademian sortu zen poesia tailerra. Nolako martxa ikusten diozu?

Oso pozik nago egiten dugun lanarekin. Gaur egun 10 lagun gaude tailerrean eta oso gustora ibili gara biharko emanaldia prestatzeko lanean. Beste egile batzuk idatzitako poesiekin batera, biharkoan Lorcak idatzi zituen beste batzuk eskainiko ditugu eta horiek nola errezitatu aurretik prestatu beharra dago, Lorcaren poesiak ezin direlako beste barik irakurri. Hori dela eta, egilearen inguruan beharrean ibili gara: Lorcaren bizitza, poema bakoitza noiz eta zergatik idatzi zuen… horrela, errezitatu behar duenak poema barneratzen joaten da, poemak adierazten duena, sentimenduak…bere egiten dituen arte eta, hortik aurrera datorrena magia hutsa da.

- Hortik kanpora, badago ondo errezitatzeko beste sekreturik?

Bakoitzak estilo propioa izaten du. Horregatik beti izaten da interesgarria ahal den guztietan besteei errezitatzen entzutea eta egiten dutenarekin gozatzea. Tailerrean hasi aurretik, jende aurrean poesia bat inoiz irakurri barik zeuden partaide guztiak eta benetan pozgarria da nola errezitatzen duten ikustea. Asko ikasi dute. Ez da gauza bera poesia bat irakurtzea edo errezitatzea, ez dago zerikusirik bata eta bestearen artean. Jende guztia animatuko nuke behintzat bizitzan behin probatzera, oso esperientzia aberasgarria dela pentsatzen dut.

poesia gaua ibarkurutze28