Maixa Zugasti "Ahotsak eta itzalak" bere eleberriari buruz arituko da bihar, Idazlearekin Harixa Emoten-eko saioan

Maixa Zugasti "Ahotsak eta itzalak" bere eleberriari buruz arituko da bihar, Idazlearekin Harixa Emoten-eko saioan
2019/01/07 18:44
eta kitto!
Idazlearekin Harixa Emoten, euskarazko irakurle taldearen hurrengo saioa bihar (martitzena, urtarrilak 8) izango da, 19:00etan Portaleko 3. batzartokian. Antxon Narbaizak gidatuko duen solasaldian parte hartuko duen idazle gonbidatua Maixa Zugasti da eta “Ahotsak eta itzalak” bere eleberriari buruz jardungo du. Saioa irekia izango da.

Deustuko Unibertsitatean Hispaniar Filologian lizentziaduna, bigarren hezkuntzako literatura irakasle egiten du lan. 2017ko Kutxa Irun Hiria saria irabazi zuen euskarazko eleberri kategorian, L.A.A. nobelarekin.

Aita batentzat gogorra da bi seme txikirekin erbestera alde egitea, gerra usaina sentitzean; are latzagoa, emaztea eta alaba txikia atzean utzita. Denbora ez da sarritan gai izaten bizipen gordinek sortutako zauriak sendatzeko, eta, haur horietako batek, Luisek, ahalegin handiak egin beharko ditu haurtzaroko helduen mundu ezkutua ezagutu ondoren, bere eleberria idazteko. Haatik, maitasunaren izenean egia ezkutatuko dioten ahotsak ere inguruan ibiliko dira…

Eleberri honetan, erbestearen bizipen gordina, ankerkeria eta heriotza aurkituko ditugu, baina baita maitasuna ere. Norbere iragana baldin bada geure izatearen barne-azala, kontakizunak lagun izan ditzakegu gure oroitzapenen bila, isiltasunaren gandua zeharkatzean.

Ahotsak eta itzalak Maixa Zugasti