Maria Romero Laspiur (moda diseinatzailea): “Gure proiektuan artea, diseinua eta teknologia berriak elkartzen dira”

Maria Romero Laspiur (moda diseinatzailea): “Gure proiektuan artea, diseinua eta teknologia berriak elkartzen dira”
2019/11/08 11:21
eta kitto!
Maria R. Laspiur artista eta moda diseinatzaile eibartarrak eta Jaime A. Limousin ingeniari eta musikariak 'Posidonia' proiektua osatzen dute.   Orain dela pare bat urte Mariaren lan artistikoan oinarritutako bitxi-kolekzioa sortzeko abenturari ekin zioten. Bitxiak, belarritakoak gehienbat, Donostian daukaten tailerrean egiten dituzte, 3D inpresioaren bitartez. Diseinu koloretsu, ekologiko eta biodegradagarriak dira. Denbora  laburrean Mariak diseinatzen dituen osagarriak Vogue bezalako argitalpen espezializatuetara iiritsi dira.

- Nola bururatu zitzaizuen 3D inpresorak erabiltzea?
Ni arte mundutik nator eta Jaime, berriz, ingeniaritzatik. Orain dela pare bat urte, Madrilen geundela, Jaimek 3D inprimagailu bat erostea proposatu zidan, eta nik marraztutako lora batekin froga bat egitea erabaki genuen. Belarritako bat sortu genuen, eta sarera igo genuen. Horrela hasi zen gure proiektua. Nahiko inprobisatua izan zen.

- Orain estudioa Donostian daukazue eta teknologia hori erabilita gauza desberdinak egiten dituzue.
3Dko mundu hori oraindik nahiko ezezaguna dela ikusita, estudioa Donostian zabaltzea erabaki genuen. Nire gauzez aparte beste diseinatzaileentzako lanak ere ekoizten ditugu. Tailer moduko bat sortu dugu, eta aurrekaldean denda txiki bat daukagu. Bertan artista lokalen gauzak ditugu. Artisten arteko elkargune bat izan nahi du.

Processed with MOLDIV

- Nolakoak dira egiten dituzuen bitxiak?
Gehienbat belarritakoak egiten ditugu, baina orratzak, lepokoak eta brotxeak ere badaude. Denak dira nire pinturetan inspiratutako formak. Niri bizitzako etapa batean landareen formak marrazten hasi nintzen, bizitza alaituko zidatela uste nuelako, eta hortik atera zen lehenengo kolekzioa. Beti jarraitu dut landare imaginario batean inspiratzen kolekzio guztiak egiteko.

- Arrakasta handia lortzen ari zara zure disenuekin eta bistakoa da koloreak pisu handia duela.
Belarritako gehienak oso koloretsuak dira, azkenean belarritakoetan gehien faborezitzen duena kolorea delako. Egia esan, oso lagungarriak dira. Ezpainak margotzea bezalakoa da. Belarritakoak ipintzen dituzu eta ukitu berezia ematen dizute. Azken kolekzioko koloreak larrosa, zuria eta urdina dira, eta udazkeneko fruta-arboletan oinarritu naiz.

- Erabiltzen duzuen materiala ere ez da nolanahikoa.
PLA izeneko polimero bat erabiltzen dugu eta landare-jatorria du. Material  biodegradagarria eta ekologikoa da, eta oso arina. Horrelakoak egiteko ezinhobea! Belarritako edo gantxo handiak egin arren, ez dute pisatzen, eta erosoak dira. Soinean daramatzagula ere ez dugu igartzen.

- Zuen bitxiak Vogue bezalako moda aldizkari inportanteetan agertu dira eta denbora laburrean zuen markak ospe handia lortu du. Sare sozialak ezinbestekoak bihurtu zaizkizue?
Lortu dudan guztia Instagram bitartez izan da gehienbat. Hasi ginenean Instagramen  gauzak igotzen hasi nintzen, eta urtebete pasa baino lehen Voguen azaldu ginen. Ez hor bakarrik, moda aldizkari gehiagotan ere azaldu gara eta Estatu Batuetan oso ospetsua den blog batean aipatu gintuzten. Horrek nazioarte mailan saldu ahal izatea ahalbidetu du. Gure lehen merkatua Espainia da eta bigarrena Estatu Batuak. Eta hori guztia blog horretan lan egiten duen neska batek belarritakoak erosi zituelako eta mordoa gustatu zitzaizkiolako. Blogean argitaratu zuen eta eragina sekulakoa izan zen. Gaur egun sare sozialak oso garrantzitsuak dira. Momentu batean herrialde guzietako publiko zabal batengana iritsi zaitezke. Gure bitxiak saltzeko webgunea erabiltzen dugu (mrlaspiur.com) eta, horrez gain, hainbat lekutako dendetan daude salgai. Eibarren, esate baterako, Klaus dendan egoten dira.

        Maria Laspiur1      Posidonia

- Plataforma digitalen bidez jendea erakartzeko oso inportantea da kalitatezko edukia sortzea eta horretan diharduzue...
Egunero zerbait igotzen dut eta, bestalde, oso inportantea da argazki-lana. Aitor Laspiur nire lehengusuarekin egiten dut lan. Bera argazkilaria da eta kolekzio guztietako sesioak berarekin egiten ditut. Ukitu zinematografikoa daukate. Kontzeptuari garrantzia ematen saiatzen gara eta ez bakarrik produktuari. Hasieran erabiltzen genituen modeloak gehienbat gure ezagunak ziren, baina orain modelo profesionalak kontratatzen hasi gara. Kanpaina batetik bestera aldatzen saiatzen gara. Bestalde, beste sortzaile, diseinatzaile eta estilistekin kolaborazioak egiten ditugu, eta horiek ere gure sareen bidez zabaltzen ditugu.

- Gauza asko ikasi dituzue urte bi hauetan?
Kolekzio bakoitzean aurrerapausu bat ematen saiatzen gara, teknika berri bat sartzen, testurekin esperimentatzen… Hasi ginenean ez genekien ia ezer, eta apurka-apurka joan gara ikasten.

- Nolakoa da 3Dko belarritako hauek sortzeko prozesua?
Hasieran marrazkiak egiten ditut. Hortik belarritakoentzako forma basikoak ateratzen ditut. Ordenadorera eramaten ditut eta bektorizatzeko programa bat erabiltzen dut, plano moduko bat lortzeko. Ondoren hori hiru dimentsiotan diseinatzen dugu. Beste programa batean 3Dko pieza hori nolako izan nahi dugun zehazten dugu: testura mota, zenbat kapa, hau da, estruktura nolako izango den erabakitzen dugu. Ondoren inpresoran sartzen dugu. Bitxien proiektu hau produktua baino gehiago da. Sormen proiektua da, eta horrela ulertzen dugu guk.

Maria Laspiur margotzen    Maria margotzen2

Processed with MOLDIV