Menpekotasun, desgaitasun eta gaixo larrientzat laguntza teknikorako zerbitzua emango du Udalak

Menpekotasun, desgaitasun eta gaixo larrientzat laguntza teknikorako zerbitzua emango du Udalak
2019/02/25 eta kitto!
Gaurko Udalbatzean onartuko duten proposamenari esker Gizartekintza sailetik zerbitzu berria ipiniko dute martxan, menpekotasuna edo desgaitasuna dutenen autonomia pertsonala hobetzeko asmoarekin. Idoia Sarasketa zinegotziak azaldutakoaren arabera, “askotan menpekotasun, desgaitasun edo gaixotasun larriren bat duten gaixoak, ospitaletik etxera bidaltzean, mugitzeko edo eguneroko bizitzako beste hainbat gauza egin ahal izateko laguntza teknikoaren premia izaten dute, hau da, garabiren bat, ohe-artikulaturen bat edo beste zerbaiten laguntza behar izaten dute. Horrelakoak Diputazioaren bitartez eskuratzen dira, dagokion eskaera egin eta gero, baina prozesua hiruzpalau hilabetez atzeratu daiteke. Horregatik, premia horiei lehenbailehen erantzuteko asmoz, Udalak mailegu zerbitzua ipiniko du martxan, Diputaziotik laguntza teknikoa ailegatu bitartean moldatu ahal izateko. Horretarako Eibarko ortopedia batean materiala erosi zen 2018an eta aurten ere gauza gehiago erosteko partida aurreikusita dago”.

Sarasketaren berbetan, "zerbitzua hemendik gutxira jarriko da martxan. Gizartekintza sailetik ezarriko diren irizpideak betetzen dituztenek zerbitzua nahi adina erabili ahal izango dute eta, modu horretan, eskura izango dituzte behar dituzten laguntza-produktu edo materialak". Zerbitzuaren hartzaileak desgaitasuna edo menpekotasuna duten pertsonak izango dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo organo jakin batek beste lurralde batzuetan hala aitortuta, baita gaixotasun larriren bat duten pertsonak ere. Eibarren erroldatuta dauden eta menpekotasuna, desgaitasuna zein gaixotasun larrirenbat dutenek erabili ahal izango dute, Gizartekintza sailean eskaera egin eta gero.