Ondare dokumentalaren babes eta segurtasunari buruzko jardunaldiak egingo dira barixakuan

Ondare dokumentalaren babes eta segurtasunari buruzko jardunaldiak egingo dira barixakuan
2019/11/04 eta kitto!
ALDE Elkarteak eta Eibarko Udal Artxiboak elkarlanean antolatuta, barixaku goizean “Ondare Dokumentalaren Babesa. Segurtasun-protokolo Jasangarriak Artxiboetan” izenburuko jardunaldia egingo da Portalean, 09:30etik 14:30era. Esandakoaren arabera, “dokumentuak gordetzen dituzten erakundeetan nahi baino arruntagoak dira lapurretak eta ekintza bandalikoak. Segurtasun neurriak ordea eskasak izaten dira gehienetan. Egoera honek dakarren arriskua ezagutarazi eta prebentzioan aurrera egin nahi da ALDE Elkarteak eta Eibarko Udal Artxiboak elkarlanean antolatu duten jardunaldi honetan. Topaketaren helburua eragileen arteko elkarrizketa bultzatzea da, mintzagaia berriz, protokolo prebentibo jasangarriak eta horien ezarpena euskal artxiboetan”.

Topaketan honako adituek hartuko dute parte: Rafael Fresneda (Murtziako Eskualdeko Artxibo Nagusia), Martina González (Polizia Nazionalaren Ondarea Babesteko Brigada),  Pilar Sánchez (Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Ingurumen eta Hirigintza Fiskala), Koldo Olabarrieta (Ertzaintzaren Ondarearen aurkako Delituen Arloa) eta Jose Antonio Sainz (Arabako Foru Aldundiko Artxibo Zerbitzua). Jarduera doakoa da, baina aurretik izena eman beharra dago.