Osasuna zaintzeko aparatuak jarri ditu udalak Muzategiko parkean

Osasuna zaintzeko aparatuak jarri ditu udalak Muzategiko parkean
2023/02/15 eta kitto!
Eibarko Udalak makina bio-osasungarriak jarri ditu Muzategiko parkean ariketak egiteko. Bost aparatuk osatzen dute  jarduera fisikoa egiteko makina-multzoa;  batez ere adineko pertsonentzat dago pentsatua, nahiz eta gainerako biztanleek ere erabil ditzaketen. Makina horiek jartzeko egin den inbertsioa 10.000 euro ingurukoa izan da. Horien erdia aparatuak erosteko izan da, eta beste erdia instalazioetarako, xafletarako eta kautxuzko zorua jartzeko.

Aparatu-multzo hori Muzategiko plazatxoan dago, Errebaleko atzeko aldean, Errebaletik Jardiñetara doazen eskailera mekanikoen lehen zatiaren amaieran. Aparatu hauek lehendik herriko beste leku batzuetan jarritakoen antzekoak dira: Berdintasunaren pasealekuan, Amañako dorreen ondoan; eta, Azitainen, tren-geltokiaren ondoko plazan.

Muzategiko lehenengo aparatuari ‘pasiatzekoa’ esaten zaio, eta bihotzaren eta biriketako funtzioa indartzeko balio du, beheko gorputz-adarren malgutasuna eta koordinazioa garatuz. Bigarren makinak ‘bela’ du izena, eta funtzio kardiakoa eta biriketakoa indartzeko, gorputzaren koordinazio orokorra hobetzeko, zirkulazioa eta digestio-sistema hobetzeko eta bizkarrezurra eta aldaka lantzeko balio du.

Beste joko bio-osasungarri bati ‘arraunketa’ deitzen zaio, eta bizkarreko muskuluak, sorbaldak eta bizepsak indartzeko aukera ematen du. Laugarren aparatua ‘iraupen-eskia’ da, besoen, hanken eta gerriaren indarra eta koordinazioa garatzeko balio duena; horrez gain, bihotz eta biriketako funtzioak indartzen ditu.

Bosgarren makinak `bizikleta´ izena du, eta horren bidez beheko gorputz-adarren malgutasuna eta koordinazioa garatzen da, eta, aldi berean, bihotz- eta birika-funtzioak indartzen ditu.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “gure hiriaren ezaugarri demografikoak kontuan hartuta, edadeko jende asko bizi denez, pixkanaka horrelako instalazioak ezarri nahi ditugu gure hiri-sarean, Eibar gero eta hiri atseginagoa eta pertsona nagusientzako irisgarriagoa izan dadin”.