Bilduk pertsonak politiken erdigunean jarri nahi ditu osasun krisialditik irteteko

0    Politika 
ETA KITTO ETA KITTO
Bilduk pertsonak politiken erdigunean jarri nahi ditu osasun krisialditik irteteko
ETA KITTO 2020, Mai 29

EH Bilduk ezinbestekoak ikusten ditu talka planak COVID-19ak eragin duen osasun krisialditik ateratzeko. “Autonomoentzat dirulaguntza zuzenak, negozioak dibertsifikatzeko laguntzak, enplegu industriala mantentzeko beste ildo bat, eta herriko komertzio eta ostalaritza txikian herritar guztien kontsumoa sustatzea proposatzen du Bildu”, Gorka Errastik gaur goizean adierazi bezala.

Udal aurrekontuari dagokionez, ezohiko egoera izanik, ezohiko neurriak hartu behar direla uste du Bilduk. “Horrelakoa izan behar du aurtengo aurrekontuak eta datozen urteetakoak”. Alderdiaren ustez aurrekontuek pertsonen ongizatea, duintasuna eta garapen ekonomikoa izan behar dute ardatz. Zentzu horretan, PSOEk Garapen Ekonomiko sailarekin egindako lana kritikatu du. “PSOE zerura begira egon ez balitz, sailak nahi beste profesional izango lituzke lanean krisiari aurre egiteko ekintzak pentsatzen eta garatzen”.

Kritikak kritika, hilabete hauek “elkarlanerako egunak” izan direla aipatu du Errastik. “Alkatetzarekin batera esku hartu dugu, proposamenak egin ditugu eta eibartarrentzat irtenbideak topatu ditugu”. Dena dela, PNVrekin diagnostikoak eta errezetak adostea zaila izan dela aitortu dute. “Zaila da eskumako alderdi batekin egoeraren diagnostikoa konpartitzea eta krisiari aurre egiteko neurriak adostea”.

 

Udal tasak, kultura eta Plan Estrategikoa

Bildu udal tasak aztertzeko prest dago. “Krisialdi hau ez dugu betikoek ordainduko, gehien dutenek pixka bat gehiago emateko bideak aztertu beharra dago”.

Horrez gain, krisiak bereziki kolpatu duen kulturaren mundua indartzeko apostua egin nahi dute. “Deskonfinamendu sasoian kulturak eta kultur eskaintzak berebiziko garrantzia izango du, baita herritarren osasun mentalarentzat ere”. Beraz, kulturaren kontsumoa sustatzeko eta zabaltzeko, irailetik urte amaierara arte, Coliseoko programa prezioa erdira jaistea proposatzen dute.

Bilduk ezinbestekoa ikusten du Eibarko Plan Estrategikoa eguneratzea. “Erdibidean dago, bost urterako bizitza du. Bizi dugun krisialdia ikusita, plana eguneratzea eskatu dugu berandu izan baino lehen”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »