Europako Batzordearen txostenaren harira Arantxa Tapiak esandakoari erantzun dio Zaldibar Argituk

Europako Batzordearen txostenaren harira Arantxa Tapiak esandakoari erantzun dio Zaldibar Argituk
2022/10/05 08:30
eta kitto!
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, Europako Batzordeak bigarrenez esan du Eusko Jaurlaritzak ondo jokatu zuela Zaldibarko zabortegiaren luizian, ingurumenari eta osasun publikoari buruzko legediaren urraketarik ez dutela antzeman gaineratuta.

Europako Batzordearen txostenaren harira Arantxa Tapiak esandakoa dela eta, Zaldibar Argitu plataformak idatziz erantzun du: “Arantxa Tapiak berriz ere esan du Eusko Jaurlaritzak dena egin zuela ondo Zaldibarko zabortegian, sorreratik amiltzeraino, eta baita gero ere. Horretarako, berriro, aipatu du Europar Batsuneko eskarien Batzordeak emandako erantzuna Zaldibar Argituk, Ekologistak Martxanek eta San Lorentzoko auzo elkarteak egindako eskariari. Txosten horren aurrerapena, gaur ezagutu dugunaren berbera hitzez hitz, 2021eko otsailaren 3an eman zuen jakitera Batzordeak. Orduan ere aireratu zuen Eusko Jaurlaritzak bere jokabidea zuritze aldera. Pare bat kontu txosten horri buruz: hiru orrialdekoa da, eta bertan argi esaten du Eusko Jaurlaritzak helarazitako dokumentazioa izan dutela aztergai, ez gehiago. Hain da garrantzitsua datu hori, ezen Arantxa Tapiari ahaztu egin zaion aipatzea. Izan ere, zabortegiari dagokion guztian Eusko Jaurlaritza alde batean dago, ez da neutrala, ezinezkoa zaiolako, bera da-eta kontrolaren ardura duena proiektuen gainean, kudeaketan eta jardueran. Baita ere amildu osteko kudeaketan: zabortegia handitzea, lurren desjabetzeak…”. Horrekin batera, zabortegiaren kontrola Eusko Jaurlaritzarena bada eta “honek dena egin badu”, hondamendia nola gertatu zen galdetzen diote beraien buruari plataformakoek.

Gogorarazi dutenez, 2021eko abenduan CEDEXek epaitegiak eskatutako peritu txostena eman zion hari: “Txostenaren xedea amiltzearen kausak aurkitzea da. 234 orrialde ditu. Bertan, zehaztasun handiz aztertu ostean, ondorioztatzen du zabortegiaren ibilbide osoan izan zirela akatsak:  proiektu teknikoetan, zabortegiaren kudeaketan eta jardueraren kontrol publikoan. Esate baterako, amiltzearen kausetan faktore ezberdinen izan zitzaketen garrantzia mailakatzen da: urria, ertaina, handia eta oso handia. Handia eta oso handia multzoetan, besteak beste, aipatzen ditu: proiektu eraldatua osatzen duten dokumentuen artea kontraesanak, proiektu horren oinarrizko kalkuluetan akatsak, PEAD geozuntzen aldaketa, drenajearen goiko geruzak aldatzea, hondakinek hartutako altuera, uraren eragina zabortegi barruan. Eta abar”.

Salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak ez du ezer esan ez iazko abenduan ez orain, nahiz eta CEDEXen txosten hori, “orain arteko zehatzena eta osatuena, da epaitegian dagoena. Herritarrek ondo dakite Eusko Jaurlaritzak baduela ardura zabortegiaren hondamendian, bere lana zelako haren gaineko kontrol publikoa egitea. Euskal Herriko hondamendi ekologiko handiena izan bazen, hango kudeaketa eta jarduera kontrolatu behar zuenak izango zuen zerikusirik. Hala ere, ez da dimisio ziztrin bat ere eman”.