Gabilondoren erosketarekin ekialdea biziberritzeko aurrerapauso handia eman dela uste du Bilduk

0    Politika 
ETA KITTO ETA KITTO
Gabilondoren erosketarekin ekialdea biziberritzeko aurrerapauso handia eman dela uste du Bilduk
ETA KITTO 2022, Mai 10

Aurreko astean ez ohiko plenoa egin zuten Udalean, besteak beste Gabilondoren eraikina behin betiko erosi ahal izateko dirua bideratzeko, eta horren harira prentsaurrekoa eman zuten atzo goizean Eibarko EH Bilduko ordezkariek. Esandakoaren arabera, Barrena kalean dagoen tailer zaharraren erosketarekin, “EH Bildurentzat ekialdea biziberritzeko akordioaren gako garrantzitsuenetako bat beteko da. Hiriko sarrera garrantzitsuenetako bat birgaitzeko aurrerapauso handia eman da. EH Bildurentzat, Gabilondoren eraikina erostea zen ekialdea biziberritzeko akordioan gehitutako marra gorrietako bat. Alderdi guztietatik ari gara tailer industrial hutsak berrerabiltzeko eskaerak egiten. Gabilondoren birgaitze eta berrerabilera eredugarria eta etorriko direnen lehenengoa izatea espero dugu”.

Gogora ekarri zutenez, “Jaurlaritzako PNVk europar finantziazioa lortuta zuela eta PSE eta PNVren aldeko bozkekin Eibarko Udala eta Euskal Trenbide Sarearen artean sinatutako 2010eko hitzarmena indarrean zegoela jakinda, pasealekua egin egingo zen. Beraz, PSErekin sinatutako ekialdea biziberritzeko akordioan hainbat baldintza minimo ezarri genituen: alde batetik, pasealekuaren proiektu berrian ahalik eta hobekuntza gehienak txertatzea (etxebizitzetatik gutxieneko distantzia minimoa handitzea, irisgarritasuna hobetzea igogailuekin, zarata posibleen kontrako neurriak hartzea, permutak eskaini ahal izatea…), eta bestetik, batez ere Barrena kalearen goitik beherako birgaitzea aurrera eramatea”.

Bilduko ordezkarien iritziz, birgaitze horretan asko dauka esateko Gabilondoren berrerabilerak: “Pasealeku berriak pertsonen fluxua ez hipotekatzeko Gabilondoren berrerabilera eta bertan sortuko den zonalde eta ekipamendu berria erakargarria eta traktorea behar du izan. Auzoari eta herri osoari zerbitzu emango diona. Horretarako, Hirikiten elkartea kontratatu dugu, eremuak dituen aukera guztiak eta legediak ahalbideratzen dituen berrerabilera posibleak aztertzeko. Gabilondon eskuhartzeaz gain, urbanistikoki ere kale osoaren itxura aldatzea da asmoa, hiribide eta koexistentzia itxura emanez, argiteria berriekin, zuhaitzekin. Gainera, kaleko beste bi eraikinekin lanketa egitea ere gehitu genuen akordioan. Eta orain dela gutxi iragarri den bezala, kaleko beste aldean, Barrena 34an, VPO etxebizitzak egingo dira eta ondoko pegorari irisgarritasuna hobetuko zaio”.

Ekipamenduen kokapenek duten garrantzian sakonduz, lan aktibaziorako bulego bat ere bertan kokatuko dela ekarri zuten gogora. Eta, horrekin batera, Barakaldo kaleko eta Barrena kaleko haur parkeak ere auzoko haur, familien eta Urkizu eskolako komunitatearekin parte-hartze ariketa bitartez diseinatuko direla jakinarazi zuten, “parke hauek ere berritzaile eta herri guztiarentzat erakargarriak izateko. Gainera, bertako komertzio txikia biziberritzeko lan ildoa prestatzen ari da Udala”.

Agerraldia amaitu baino lehen, Eibarren 700 tailer baino gehiago hutsik daudela eman zuten aditzera, eta ildo horretan Udalari “ausardia gehiago” izateko eskatu diote, “horiek erosi, birgaitu eta berrerabiltzeko”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »