Gerra Zibileko gudariak oroitzeko erakusketa zabaldu dute gaur Unzaga Plaza hotelean

Gerra Zibileko gudariak oroitzeko erakusketa zabaldu dute gaur Unzaga Plaza hotelean
2021/10/26 eta kitto!
Gerra Zibilean, bereziki Gipuzkoako lurraldean, altxamendu militarraren eta faxismoaren aurka borrokan egin zuten gudari, miliziano, gizon eta emakumeak omentzeko eta oroitzeko, Eibarko EAJ-PNV alderdiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Sabino Arana Fundazioarekin batera, borroka horri buruzko erakusketa aurkeztu dute gaur Unzaga Plaza hotelean. Erakusketa urriaren 27tik azaroaren 1era egongo da ikusgai, 10:00etatik 20:00etara.

22 panelek osatzen dute erakusketa eta, bertan, 200 irudi baino gehiago, 100 aipamen eta sei beira-arasa egongo dira ikusgai, hainbat objekturekin batera: presoen zerrendak, gutunak, isunak… Argazkietan, berriz, gerra frontea, borrokalariak, unean uneko agintariak, zibilak, Kataluniara joandako iheslariak, atzeguardia eta abar ikus daitezke eta hainbat pertsona ospetsu igarriko ditugu irudiotan, hala nola Jose Antonio Agirre, Mola jeneral frankista, Manuel Irujo, Pasionaria...

Eibarren jarritako beira-arasetan, besteak beste, ondoko dokumentuak daude ikusgai: gerrako agiriak, euskal fronteetan unean-unean zegoen egoerari buruzkoak, besteak beste Eibarko fronteari buruzkoak, 1936 eta 1937 urtekoak. Era berean, garaiko prentsa, Eibarko frontean borrokan egin zuen gudari baten egunerokoa eta beste ikus daitezke.

Azaldu dutenez, “erakusketaren helburua memoria historikoa berreskuratzea eta garai hartako protagonisten balentriak eta zoritxarreko gertaera ezagutzea da. Dokumentuak, argazkiak, zerrendak, gudarien konpainiak, gutunak… Objektu horiek guztiek gizon-emakume horien bizipenak eta emozioak euren baitan gorde eta guri transmititzen dizkigute orain, eta horregatik, geuk berreskuratu behar ditugu haien oroimenak iraun dezan”.

Liburu aurkezpena eta hitzaldia

Bestalde, bihar 19:30etan, Loyola batailoiko komandante Juan Beistegiren oroitzapen-liburua, “366 egun borrokan Euzkadiren alde. 1936-1937” izenburukoa aurkeztuko da. Aitor Miñambresek, Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoaren zuzendariak, Juan Beistegiren inguruan hitz egingo du eta Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak “Gerra Zibila Gipuzkoan: Azpeitiko kasua” hitzaldia eskainiko du.