Pentsiodunen Plataformak babesa eskatu dio Udalari bankuen aurrean

0    Politika 
ETA KITTO ETA KITTO
Pentsiodunen Plataformak babesa eskatu dio Udalari bankuen aurrean
ETA KITTO 2021, Api 26

Eibarko Pentsiodunen Plataformak lau proposamen egin dizkio Udalari, bankuek eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan babesa eta segurtasuna jasotzeko. “Bankuek aurrez aurreko zerbitzuaren ordutegia murriztu dutenez, leihatilan egiten ziren zerbitzuetako batzuk Internet edo kutxazainaren bitartez egin behar dira orain”, diote pentsiodunek. “Pertsona batzuek, nagusiek batez ere, ez badute pertsona baten laguntzarik, ez dute makinen lengoaia ulertzen. Segurtasun eza sentitzen dute. Udalak errealitate hau ulertu behar du, herritarrei segurtasuna eta babesa emanez”.

Plataformak honako proposamenak egin dizkio Udalari: “Batetik, erakunde finantzarioei aurrez aurreko zerbitzu egokia eskaintzeko eskatzea, erabiltzaileen beharrak asetuz. Bigarrenik, pentsiodunei mantenu-komisiorik ez kobratzeko eskatzea. Hirugarrenik, erakunde finantzariei informazio egoki, legal eta gardena eskaintzeko eskatzea. Eta laugarrenik, herrian jarduten duten erakunde finantzariei adostutako puntuak betetzeko eskatzea.

Pentsiodunen Plataformaren ustez bankuek “gure lanarekin aberastu” nahi dute. “2019an bakuen irabaziak % 24 jaitsi ziren 2018koekin alderatuz. 15.140 milioi euro irabazi beharrean, 12.250 milioi euro irabazi zituzten ‘bakarrik’”, aipatzen dute. “Galerak dituztela diote. Euren lengoaian horrek esan nahi du lehen baino gutxiago irabazten dutela. Irabazi handiak nahi dituztenez, sukurtsalak ixten dituzte, langileak kaleratzen dituzte eta aurrez aurreko zerbitzua murrizten dute”.

Plataformak dio Udalak ezin duela laga bankuek herritarren zati handi bati tratu txarra ematea. “Bankuek gure pentsioen diru-sartzeak nahi dituzte, kontuak zabalik mantentzeko eta mantenu-komisioak kobratzeko”, euren iritziz. “Bankuek 64.000 milioi euro zor dizkiote espainiar estatuari, bankuen erreskatearen ondoren”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »