Txente Rekondo, nazioarteko analista: “Mundua aldatu egin da, ez gara aurreko egoerara itzuliko”

Txente Rekondo, nazioarteko analista: “Mundua aldatu egin da, ez gara aurreko egoerara itzuliko”
2022/04/01 eta kitto!
Ukrainan gertatzen ari denari buruzko hitzaldia eskaini zuen eguaztenean Kultun Txente Rekondo nazioarteko analistak. Gatazkaren testuingurua aztertzeaz gain, hobeto ulertzeko zenbait gako eman zituen, mundua hankaz gora jarri duen gertakizuna hobeto ulertzeko asmoz.

Eguazteneko saioa hasi aurretik Txente Rekondorekin egoteko aukera izan genuen galdera zehatzak egin ahal izateko. Rekondo Komunikazio Zientzietan lizentziatua da eta doktoregaia Politika Zientzietan. Zenbait liburutan, hitzalditan eta telebista saiotan pate hartu du.

 

Zeintzuk dira Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazka ulertzeko gako nagusiak?

Gaiaren konplexutasunari erreparatuz, argi dago gaur egungo egoera ulertzeko gako ezberdinei begiratu behar zaiela. Batetik, gako historikoak eduki behar dira kontuan. Izan ere, Ukrainaren kokapen geopolitikoa oso garrantzitsua izan da historikoki. Europa erdi-erdian dago eta historian zehar protagonismoa izan du. Poloniak eta Lituaniak osatzen zuten konfederazioaren baitan egon zen, gero tsarren sasoian Errusiaren parte izan zen eta Sobietar Batasuneko (SESB) zati bat ondoren, aurretik otomandarrak egon ziren, Austria-Hungariako inperioa ere hortik ibili zen… eta horietako bakoitzak eragina izan du. Beraz, Ukraina eskualdeka aztertzen badugu, nahiko argazki bitxia ematen digu.

 

Nolako argazkia izango litzateke?

Ekialdean eta hegoaldean lotura gehiago izan dute Errusiarekin (ikuspegi erlijioso, politiko eta historikotik). Ipar-mendebalean, ostera, kontrakoa. Erlijio katolikoa da nagusi (Lituaniaren eta Poloniaren eragina nabarmena delako) eta pentsamoldeak ezberdinak dira (Austria-Hungariako inperioaren eraginez). Beraz, ikusten da gako historikoak garrantzitsuak direla, gako linguistiko eta erlijiosoak ekartzen dituztelako. Ukrainar askok errusiera dute ama -hizkuntza, beste batzuek ukrainarra. Hala ere, gatazkaren une honetara iritsi baino lehen, ama-hizkuntza ezberdina izan arren, gehienek ukrainar bezala ikusten zuten euren burua. Agian salbuespena Krimea inguruan egon zitekeen, aspalditik errusiar sentitzen zirelako. Gogoratu behar da 1954an Nikita Khrustxov Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren presidenteak Ukrainari Krimea eman ziola opari gisa.

 

Zein beste gako izan behar dira kontuan?

Sozio-ekonomikoak. Batetik, SESBren esparrua desagertu zenetik, populazioaren beherakada oso nabaria izan da. Bestetik, aberastasuna (industria, gariaren ekoizpena, nekazaritza…) herrialdearen hego-ekialdean dago kokatuta. Hau da, jatorriz gehienak errusiarrak diren tokietan.

 

Eta gako politikoak zeintzuk lirateke?

Orain dela 30 urte SESB desagertu zen eta munduko ordena zeharo aldatu zen. Bi poloren arteko talkatik, hegemonia homogeneizante batera pasa ginen, non Amerikako Estatu Batuen (AEB) presentzia eta jarrera oso begibistakoa izan den. Horrek argi lagatzen digu nolako hartu-emanak sortu diren herrialdeen artean. Ukrainara begira jarrita, azken urteotan, SESBen desagerpenarekin batera, mugimendu garrantzitsuak egon dira. Alde batetik, NATOk Europan ekialderantz jo du, poliki-poliki eremuak bereganatuz. Bestetik, Ukrainan ikusi dugu, estatu moderno eta batua izan arren, barne-gatazkak existitzen zirela eta azken urteotan horrek lagundu du gaur egungo egoerara iristen. Ezberdintasun politiko eta ekonomikoak oso nabariak ziren, eta 2004ko Iraultza Laranjak Ukrainaren mugimendua baldintzatu zuen.

 

Zerk piztu zituen 2014. urteko protestak?

2013. eta 2014. urteetan Europar Batasunetik jarritako baldintzak izan ziren gakoak. Ukraina oso pragmatikoa izan da historikoki, kanpo politika multibektoriala izan du, eta horrek mendebaldearekin (Europar Batasunarekin) eta Errusiarekin akordioak lortzeko aukera ematen zion. Orduan, Europar Batasunetik baldintzak aldatu zituzten: “Edo Moskurekin edo gurekin”, aukera egiteko esan zieten. Hasieran ematen zuen Ukrainako presidentea baldintza horiek onartzeko prest zegoela, baina, ondo aztertu ondoren eta Errusiarekiko dependentzia energetikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta, Moskurekin zituen harremanei eustea erabaki zuen. Aitzakia horrekin, Ukrainako mendebaldean protestak hasi ziren, protestek estatu kolpea ekarri zuten eta gauzak konplikatu egin ziren. Ondoren, Errusiak Krimea okupatu eta hartu zuen, Donbass eskualdean altxamendu militarra egon zen (autodefentsa ikuspegitik, eskuin muturreko miliziek demaseko sarraskiak egin zituztelako, Odesan adibidez) eta guda hasi zen eskualde horretan.

 

Zortzi urteko guda izan da eta, amaitu beharrean, gaiztotu egin da. Zer gertatu da?

Europan kokatutako guda izanik, baretzeko saiakera egin zen. Horretarako, Minskeko akordioak sinatu zituzten 2015ean Ukrainak eta Errusiak, Frantziaren eta Alemaniaren bitartekaritzarekin. Horrek irtenbide negoziatua ematen zion gatazkari, baina akordioak ez dira inplementatu. Preso eta atxilotuen askatasuna eta trukaketak eman ziren, baina Kieven aldetik akordio instituzionalak ez ziren ezarri eta oso garrantzitsuak ziren. Adibidez, Donbassentzat autonomia politiko garrantzitsua; euren hizkuntza-eskubideak, giza eskubideak eta eskubide politikoa bermatzea… jasotzen zen akordioetan, baina ez da gertatu. Alde batetik eta bestetik zein motatako Ukraina defendatzen den da gakoa. Mendebaldetik eta Kieveko gobernutik Ukraina bakarra eta homogeneizantea defendatzen da; eta Donbassen aldekoek, bestetik, Ukraina federala. Esan beharra dago Minskeko akordioetan ez zela independentzia berba aipatzen, autonomia eta eskubide politikoa baizik. Ez Europar Batasunak, ez Ukrainak, ez Errusiak ez dituzte euren betebeharrak bete eta egoera gaiztotzen joan da. Hortik beste interes batzuk sortu dira eta horrek guztiak ekarri du gatazka militar hau.

 

Gatazka honetan Ukraina eta Errusia dira protagonista nagusiak, baina zeintzuk dira beste aktoreak?

Egoera irudikatzeko, esango genuke hau mahai bat dela. Azken hilabetea baino lehen, oso nabaria zen bertan Joe Biden AEBko eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak zeudela eserita. Guda Hotza amaitu zenetik lehen aldia zen bi aktore nagusi horien artean horrelako harreman eta negoziaketa garrantzitsuak ematen zirena. Eurak mahai horretan eserita egon dira hasieratik, baina beste aktoreak non kokatzen dira? Europar Batasunak kamareroaren papera egiten du. Hau da, bi protagonisten erdian kokatzen da zerbitzen. Guda hasi aurretik zerbitzu arrunta eskainiz, baina guda hasi ondoren zerbitzari papera utzi eta AEBren jarraitzaile sutsuaren papera hartuz. Eta Ukraina non kokatzen da? Zoritxarrez, Ukraina bi aktore nagusien menua da, haiek jango edo erabiliko duten menua. Oso larria da hori, Ukrainaren burujabetasunaz ari garelako hitz egiten.

 

Eta mahai horren bueltan nor gehiago dago?

Europatik ez zaio garrantzi gehiegirik ematen, baina hor daude Txina eta nazioarteko komunitatearen zati garrantzitsu bat. Askotan pentsatzen dugu nazioarteko komunitatea iparraldeko herrialde nagusiek, Australiak eta Zeelanda Berriak osatzen dugula, baina nazioarteko komunitatea askoz ere zabalagoa da.

 

Xake partida batean gaudela dirudi. Hurrengo mugimenduak zeintzuk izango diren aurreikusi daiteke?

Zaila da ezer aurreikustea. Eszenatoki ezberdinak topatzeko aukerak daude. Boteprontoan, askok diote “gerra labur” batean gaudela. Hau da, Errusiaren estrategia Ukrainaren ekialdean eta hegoaldean koltxoi bat sortzea dela, ez duela konfrontazio gogorrik eduki nahi eta, aipatutako guneez gain, Kiev inguratu nahi duela. Hiriburua erortzen bada, garaipen bezala hartuko dute. Gauzak horrela gertatzen badira, negoziaketetarako eta diplomaziarako beste ate batzuk irekiko dira, gaur egun zoritxarrez itxita daudela diruditenak. Beste eszenatoki bat “gerra luzea” izan daiteke, baina hori ez zaio inori interesatzen; ez errusiarrei, ez ukrainarrei, ez Europa mendebaldekoei. Europa mendebaldean zigor ekonomikoen, boikotaren eta gudaren ondorioak igartzen ari gara dagoeneko  eta, hau luzatzen bada, eszenatoki hori oso gogorra izango da guztiontzat. Eta ez hori bakarrik, hirugarren eszenatoki bat ireki daitekeelako: guda Europan zehar hedatzea. Bertan daudenek duten ahalmen militarra ikusita, eszenatoki horrek demaseko beldurra ematen dit.

 

Nola ekidin daiteke hori?

Irtenbide diplomatikoak bultzatu behar dira eta, horren bitartez, akordio batera iritsi. Baina akordioak bete egin behar dira. Mundua aldatu egin da, ez gara aurreko egoerara itzuliko. Errusiak munduarekin izango duen harremana bestelakoa izango da eta, segurtasunari dagokionez, Europaren jarrerak eraldatu egingo dira.