Zaldibarko Udalak 150 herritarrek eskatutako informazio-bilerari ezetz erantzun dio

Zaldibarko Udalak 150 herritarrek eskatutako informazio-bilerari ezetz erantzun dio
2020/04/29 21:07
eta kitto!
Eitzagako zabortegiaren hondamendiari buruzko informazio-bilera bat egiteko eta uraren eta airearen kalitateari buruzko informazio eguneratua emateko eskatu zioten 150 zaldibartarrek Zaldibarko Udalari martxoaren hasieran eta jaso duten erantzuna ezetza izan da. Hala jakinarazi du gaur Zaldibar Argitu plataformak, Zaldibarko Udalak emandako erantzunaren inguruan idatziz egindako adierazpenean.

Udalaren jarrerarekin oso kritiko, erantzunetik hainbat esaldi nabarmendu dituzte. Besteak beste, honakoa dio Zaldibarko Udalaren erantzunak: “Aintzat hartu da informazio-bilera egiteko eskaera Konstituzioaren 29. artikulo eskaera-eskubidearen babesean (‘Espainol guztiek dute eskubidea idatziz, legeak onartzen duen era eta ondorioz eskabide partikularra eta amankomunekoak egiteko’) egiten dela (…). Horrenbestez, eskatzaileek ez dute bilera horiek egiteko inolako eskubiderik, eta bilera horien izate edo arautze hutsa ez dago jasota legerian”.

Horren aurrean, plataformak honakoa dio bere adierazpenean: “Hori da Zaldibarko udalaren maila demokratikoa. Herritarrok ez omen daukagu inolako eskubiderik ‘bilera horiek’ egiteko. Udal agintariek jakin beharko lukete demokrazia Konstituzioaren aurretikoa dela, Konstituziotik kanpo badagoela demokrazia, agian batez ere Konstituziotik kanpo dagoela. Jakin beharko lukete udal askotan egin direla udala eta herritarren arteko bilerak, herritarrek eskatuta. Zaldibarren bertan, urrunago joan gabe. Udalak praktika demokratikoa bultzatu beharko luke eta, hala ez denean, gutxienez herritarren eskaria onartu. Udalaren erantzunak agintari horien izaera erabat antidemokratikoa, autoritarioa eta obskurantista erakusten du. Herritarrekiko mespretxua eta iraina dario. Gogoan hartuko dugu eta ez dugu ahaztuko”.

Udalaren erantzunaren arabera, “inguruko beste udalerri batzuetan legez, dagoeneko informazio-bilerak egin dira”, baina plataformako kideak ez datoz horrekin bat. Zaldibar Argituren berbetan, “Zaldibarko herrigunean ez da bilera bakar bat egin, eta hori zen herritarrek eskatzen zutena. Beraz, gezurretan ari zaizkigu, gezur baldarra inondik ere”.

Izan ere, Udalak aurrerago jarraitzen duenez, “Eusko Jaurlaritzako teknikariek uko egin diote informazio- bilera gehiagotara joateari, otsailaren 15ean Zaldibarren eta ondoren Ermuan eta Eibarren egindako informazio-batzarretan gertatutakoaren ondorioz. Harrezkero, kalterik handiena jasan duen Eitzaga auzoko bilerak bakarrik egin dira”.

Plataformatik azaldu dutenez, “dagoen horretan irakurrita, badirudi Zaldibarko herrigunean bileraren bat egin dela. Gezurra. ‘Gertatutakoari’ diotenean, zertaz ari dira? Pentsatu behar dugu herritarren kexu eta protestez ari direla. Baina, benetan zerbait jasangaitza edo jasanezina gertatu izan balitz, ziur esango zutela. Hala ere, ez diote ezer zehatzik. Ez zelako ezer latzik gertatu. Zein delikatuak diren teknikari horiek! Teknikariak? Hemen sailburuordeak eta atzamarrez izendatutako ‘teknikariak’ zebiltzan batez ere. Sailburu horietako batek, Elena Morenok, agindu zehatza eman zien bere saileko teknikariei isilik egon zitezen, ez zezaten zekitena hedabideetan zabaldu”.

Udalaren idatziak airearen eta uraren kalitateaz informazio emateari buruzko “azalpen” luzeak eta nahasgarriak ematen dituela pentsatzen dute: “Laburbilduz, hori Jaurlaritzaren zeregina dela eta udalak panel informatiboak jarri dituela Eitzagan eta Udal Liburutegian. Ez du aipatzen Eitzagan zegoen aire kalitatearen neurgailua martxoaren amaieran kendu zutela. Ezta ere Jaurlaritzak apirilaren 2an eman zuela horri buruzko informazioa. Amaieraraino da harrigarria udalaren erantzuna. Herritarrek eskaria alkateari egin bazioten, zergatik sinatzen du idazkariak?”.

Zaldibar Argitu plataformak jakinarazi duenez, erabakiaren kontrako berraztertze-errekurtsoa aurkeztuko du udalean.