Proba diagnostikoa talde zaurgarrietako kontaktu estuei soilik egingo zaiela esan du Osasun Sailak

Proba diagnostikoa talde zaurgarrietako kontaktu estuei soilik egingo zaiela esan du Osasun Sailak
2022/01/11 eta kitto!



Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean kontaktu estuetarako adostutako azken jarraibideen berri emateko.

Ildo horretan, Sagarduik jakinarazi du Osasun Saila urratsak ematen ari dela kolektibo ahulenetara modu erraz eta eraginkorragoan iristeko, "horiek baitira benetan seigarren olatu honen ondorio larrienak jasaten ari direnak".

Azaldu duenez, orain arte, kasu positibo baten kontaktu estutzat hartzen diren pertsona guztiek Osakidetzari jakinarazi behar zioten, hark SMS bidez proba diagnostiko baterako hitzordua bidal ziezaion. Orain, berriz, talde hori mugatu egingo da, eta talde zaurgarrieetako kontaktu estuei soilik egingo zaie proba diagnostiko bat:

- 70 urte edo gehiagoko pertsonak
- Pertsona immunodeprimituak
- Haurdun dauden emakumeak
- Txertatu gabeko pertsonak
- Edo gaixotasun kroniko moderatu-larri bat erregistratuta duten pertsonak (bilakaera luzeko edo kontrol txarreko diabetesa, gibeleko gaixotasun kronikoa, giltzurrunetako gaixotasun kronikoa, adibidez).

Gainerako biztanleek prebentzio-neurriak zorroztu beharko dituzte eta erne egon sintomak agertzen direnean.

 

Nola eskatu hitzordu diagnostikoa egiteko?

Osakidetzak jakinarazi duenez,  "sistemaren irisgarritasuna erraztuko zaie kolektibo zaurgarrietako pertsonei proba diagnostikoak egiteko", eta, horrela, hitzordua berehala lortu ahal izango dute, proba diagnostiko bat egiteko hiru modu desberdin erabiliz:

- Webguneko formularioaren bidez, Euskadi.eus-eko "Nola jarduten dut" atalean.
- Osasun zentrora deituz.
- Eta, gainera, Osakidetzak ZUZENEKO BIDEA gaituko du, HITZORDUA atalaren bidez. Lehen mailako arretako langileekin kontsultatzeko edo txertoa jartzeko hitzordua hartzen den atala da, eta orain ere hitzordua eskatu ahal izango da PROBA DIAGNOSTIKORAKO.

Amaitzeko, Sagarduik jakinarazi du Euskadiren egoera epidemiologikoa ez dela ona, eta, horregatik, txertoa hartzera animatu ditu arrazoia edozein dela ere oraindik hartu ez duten pertsonak.