‘Procés’-aren inguruko sententziari buruzko adierazpen instituzionala onartu du Udalak

‘Procés’-aren inguruko sententziari buruzko adierazpen instituzionala onartu du Udalak
ETA KITTO 2019, Urr 18

Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordea atzo eguerdian bildu zen, Eibarko EAJ-PNV eta Eibarko EH Bildu taldeek bilerarako premiazko deialdia egin eta gero eta Udalak adierazpen instituzional bat onartu du Auzitegi Gorenak ‘procés’-aren inguruan emandako sententziari buruz. Bilkuran, batetik, Kataluniako azken gertakariei buruz Eibarko EAJ-PNV eta Eibarko EH Bilduk egindako adierazpen bateratu bat aztertu zuten, zehazki, Auzitegi Gorenaren epaiari buruzkoa, eta, bestetik, Eibarko PSE-EEk eta Elkarrekin-Podemos Eibar taldeak egindako adierazpen bana. Testuak aztertu ondoren, onartu egin zuten jeltzaleek eta alderdi abertzaleak aurkeztutako deklarazioa, bi taldeen aldeko botoekin, sozialisten oposizioarekin eta Elkarrekin-Podemos Eibarren abstentzioarekin. Jarraian daukazue onartutako adierazpenaren testua:

BOZERAMAILEEN BATZORDEAREN ADIERAZPEN PROPOSAMENA

Behean sinatzen duten udal taldeek honako proposamen hau aurkezten dute, Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak premiaz onartu dezan, Kataluniako Procesaz Auzitegi Gorenaren Epaia dela eta.

  1. Eibarko Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriak 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegia izan zela, eta Kataluniak bezala Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.
  1. Eibarko Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.
  1. Eibarko Udalak nabarmentzen du Kataluniako Procesaren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.
  1. Eibarko Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten baitu eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. Artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.
  1. Eibarko Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzatela eta era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzatela.
  1. Eibarko Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta gipuzkoarrei dei egiten diete bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

Eibarren, 2019ko urriaren 17an

Mertxe Garate Larrañaga (Eibarko EAJ-PNV)

Gorka Errasti Bernedo (Eibarko EH Bildu)

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »