San Andres eguneko argazki bilduma eta bideoa gure mediatekan ikusgai ipini ditugu

San Andres eguneko argazki bilduma eta bideoa gure mediatekan ikusgai ipini ditugu
2019/12/02 11:51
eta kitto!
Aurtengo San Andres eguna euripean ospatzea tokatu zaigu, baina, hala ere, antolatutako ekitaldi guztiak egin ziren eta, eguraldiaren gainetik, jairako gogoa eta umore ona nagusitu ziren gure herriko patroiaren omenezko egunean, GURE MEDIATEKAKO ARGAZKIETAN ETA BIDEO HONETAN ikus dezakezuen bezala:

https://youtu.be/aDQHXvhP4ts

Udalaren eskutik egin zen XLI. San Andres Nekazal Azokak, urtero bezala, jende asko bildu zuen. Untzaga eta Txaltxa Zelaian ipinitako karpetan denera 70 postutik gora egon ziren eta, azokaren amaieran, onenentzat sariak banatu zituzten: barazkietan, lehen saria Argiñe Rubiok (Elgoibar) jaso zuen eta bigarrena Alejandro Arrietak (Markina); frutetan, lehena Juan Elosegik (Gabiria) eraman zuen eta bigarrena Miren Pakea Galdosek (Gabiria); ezti onena, berriz, Aitor Otegirena (Urretxu) izan zen eta bigarren onena Mikel Jauregialzorena (Oñati); gaztetan, lehen saria Bidane Baskaranek hartu zuen (Markina) eta bigarrena Jesus Aranburuk (Idiazabal); ogietan, Lourdes Malaxetxeberriak (Berritxu) irabazi zuen lehen saria eta Jonatan Saratxagak (Galdames) bigarrena; aurkezpen onenari sariak Argiñe Rubiok (Elgoibar) eta Oier Agirrebeñak jaso zituzten (Eibar); eta azken honek eraman zuen, baita ere, Eibarko baserri onenari saria. Horrez gain, aurtengo San Andres kartel lehiaketako eta Eibarko Pintxo Lehiaketako irabazleei ere banatu zizkieten sariak.

Bestalde, San Andres egunean Urbat taldeak egindako zozketan, otarra 849 zenbakiak eraman du eta irabazlea dagoeneko agertu da. Urbatek eskerrak eman nahi dizkie eibartar guztiei, “urtero garai honetan emandako laguntzagatik”.