Zaporeak-Lesbos proiektuari laguntzeko lentejak eta arroza bilduko dira hilaren 16tik 21era

Zaporeak-Lesbos proiektuari laguntzeko lentejak eta arroza bilduko dira hilaren 16tik 21era
2020/03/04 12:45
eta kitto!
Iaz lortutakoa gainditzeko asmoarekin, aurten ere euren buruei erronka ipini diete Ermuko Jesus Gonzalez eta Eibarko Mireia Alonso sukaldariek, herri bietako beste hainbat sukaldariren izenean, eta Greziako Lesbosen errefuxiatuta daudenentzat dilistak eta arroza bilduko dituzte. Aurrekoan bezala, Eibarren lenteja pardinak jasoko dituzte eta Ermuan, berriz, arroza, ondoren Zaporeak taldeko boluntarioek Lesbosen errefuxiatuei jaten emateko.

Bilketa martxoaren 16tik 21era bitartean egingo dute, hainbat tokitan, eta Eibarko zein Ermuko Udalek 1.000 kilo dilista eta arroz eman dituzte, hurrenez hurren: “Eibarko jubilatu etxe guztietan, …eta kitto! Euskara Elkartean (Urkizu, 11 solairuartean) eta As Burgas Galiziako Etxean, besteak beste. Horrez gain, martxoaren 17an, 11:00etatik 12:00etara Untzagako jubilatu etxeko perkusio taldekoek emanaldia eskainiko dute eta, bide batez, lentejak jasoko dituzte jubilatu etxean bertan. Bestalde, Antzerki Jardunaldiak martxan daudela aprobetxatuta, martxoaren 20an Coliseoko sarreran egongo gara. Eta martxoaren 21ean, Eibar eta Athletic taldeen arteko derbia jokatuko dela aprobetxatuta, 12:00etatik 15:00etara Untzagan pintxo-pote solidarioa egingo dugu, herriko tabernari eta sukaldariek doan prestatuko dizkiguten pintxoekin: euro batean salduko ditugu eta horri esker lortzen dugun diru guztia proiektuarentzat izango da. Gainera, Artilekoek eta beste artisau batzuek egindako gauzak ere ipiniko ditugu salgai, nik dilistak prestatuko ditut, Jesusek arroza… Benetan eskertzekoa da elkarte, enpresa eta norbanakoek proiektuari eskaintzen dioten laguntza eta babesa”.



Zaporeak Zaporeak Solidario Garapenerako Elkarteak 2.000 otordu prestatu eta Lesboseko errefuxiatuen artean banatzen ditu, baina une honetan hori egiteko larri dabiltza, domekan bertan eskuin-muturreko talde batek boluntarioei eraso egin zien eta. Gaurko aurkezpenean egon den boluntarioaren berbetan, “benetan gure bizitza arriskuan ikusi genuen. Greziako poliziakoak parean egon arren horrelakoen aurrean ez dute ezer egiten eta, gauzak horrela, ezinezkoa egiten zaigu errefuxiatuei janaria banatzea. Hala ere, Gobernuz Kanpoko Erakunde asko mugitzen hasi dira eta espero dugu horien bitartez berriz ere janaria banatzeko moduan izatea, bestela han dauden 20.000 errefuxiatuak hil egingo dira”.

Lenteja eta arroza biltzeaz gain, nahi duenak pixoihalak, konpresak, eskuak garbitzeko xaboia eta horrelakoak eraman ditzake, “han dauden errefuxiatuek ezer ez dute eta”.