Alaitz Zubiaurre: "Inor bidean ez gelditzeko, beharrezkoa da odola ematea"
Odola ematea minutu gutxiko keinua da, baina haren eragina neurtzea ia ezinezkoa da. Ebakuntza batean, istripu baten ondoren edo gaixotasun baten tratamenduan, odol-poltsa bakoitzak bizitzak salbatzeko balio dezake. Hala ere, odola ezin da fabrikatu: pertsonen elkartasunari esker bakarrik iristen da gehien behar dutenengana. Premia horri erantzuteko, ehunka herritarrek ematen dute odola urtero Debabarrenean.
Zergatik da garrantzitsua odola ematea? Zer gertatzen da odola ematen dugunean? Nor izan daiteke emaile? Zenbateko beharra dago gaur egun? Galdera horiei eta beste askori erantzun dizkigu Alaitz Zubiaurrek, Debabarreneko eta Debagoieneko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak.
Hasteko, odola ematearen garrantzia azpimarratu digu Zubiaurrek: “Garrantzitsua da, bereziki, ez dakigulako norberari noiz tokatu ahal zaion odola behar izatea. Zentzu horretan, egunero dago odola behar duen jendea. Beraz, inor bidean ez gelditzeko, beharrezkoa da odola ematea”.
Emandako odol hori zertarako erabiltzen den ere azaldu digu labur Debabarreneko eta Debagoieneko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak: “Askotan pentsatzen dugu minbizia edo beste gaixotasun bat dutenek erabiltzen dutela odol hori, baina istripu larriak egoten dira, ebakuntza sinple batean ere odola behar izaten da... Ez da ezer larririk gertatu behar izaten odola behar izateko. Egunerokoan behar handia izaten da eta horregatik da garrantzitsua urte osoan zehar jarraikortasuna egotea odola emateko orduan”.
Gainera, kontuan izan behar da odola ematea duenak poltsa bakarra ematen duela saio bakoitzeko, baina jasotzen duenak poltsa bat baino gehiago behar izaten duela. “Egoeraren arabera, agian batek lau poltsa behar ditu. Hau da, pertsona bakar batek lau lagunen laguntza beharko luke”, ohartarazten du Zubiaurrek. “Era berean, poltsa bakar batetik ere lagun bati baino gehiagori lagundu ahal diogu. Izan ere, agian batek plaketak besterik ez ditu behar, besteak plasma... Odoletik substantzia ezberdinak ateratzen direnez, ekintza xume batek gauza askotan izan dezake eragina”.
Erreserba-mailari eutsi nahian
Zubiaurrek esan digunez, “Gipuzkoan odol erreserba-maila egokiari eusten diogu, baina gero eta gehiago kostatzen da odol-emaileen belaunaldi aldaketa ematea”. Hori bultzatzeko, odola ematera animatzeko deiak egiten dituzte etengabe, “ia gogaikarri izan arte”, Zubiaurrek dioenez, “baina beharrezkoa da erreserba-mailari eusteko eta inor odol barik ez gelditzeko”.
Deialdi puntualak egitea baino, urte osoan zehar ‘tabarra’ ematea nahiago du Zubiaurrek. “Urte osoan zehar behar delako odola”, azpimarratzen du. “Udan oporretan joaten gara eta odola behar duen jendea dagoela ahazten dugu, adibidez”. Uda, Aste Santua eta Gabonak bezalako opor sasoietan jaitsi egiten da emaileen kopurua eta, hori ez gertatzeko, deialdi bereziak egiten dituzte, “baina horrek ez du esan nahi odola sasoi horietan bakarrik eman behar denik”.
Odola eta plasma nola eman
Sarreran esan bezala, odola ematea oso erraza da. “18 urtetik gorakoa bazara, 50 kg baino gehiago pisatzen baduzu eta osasuntsu bazaude, txanda hartu, gerturatu, eta edozein zalantza bertan argituko dizute”, diosku Zubiaurrek. “Ez da beldurrik eduki behar, ez dagoelako inolako arriskurik. Askok esaten digute uste baino askoz ere errazagoa egiten zaiela. Ordu erdi inguruko kontua izaten da eta, gainera, amaitzean jatekoa eta edatekoa ematen dugu, sentitzen duzun asetze pertsonalaz gain”.
Txanda https://www.gotatanta.eus/eu webgunean hartu daiteke eta Debabarreneko hainbat tokitan dago horretarako aukera. Eibarren (bi eguenetik behin, Untzagako jubiletxean), Deban (uztailaren 24an eta azaroaren 13an), Elgoibarren (hilabete bakoitzeko bigarren barixakuan), Mendaron (azaroaren 20an), Mutrikun (abuztuaren 7an, urriaren 16an eta abenduaren 18an) eta Soraluzen (irailaren 25ean eta azaroaren 27an). Horrez gain Ermuan, Bizkaian ezberdin jokatzen dutenez, autobus bat jartzen dute; eta, bestela, Donostiko ospitalean egunero dago odola emateko aukera.
Ekainaren 1az geroztik, plasma eman daiteke Eibarko ospitalean. Orain arte Donostiara joatea beharrezkoa zen, baina orain etxetik oso gertu izango dugu hori egiteko aukera. Horretarako, odola emateko orduan gertatzen den bezala, zita eskatu behar da, kasu horretan webgune honetan: https://donantesdesangre.eus/eu/plasma-eman/
Odolarekin alderatuz, plasma horrelakoetarako erabiltzen dela azaldu digu gainetik Zubiaurrek: “Ebakuntza eta gauza berezietarako erabiltzeaz gain, minbiziaren tratamendurako erabiltzen diren medikamentuak egiteko erabiltzen da plasma”. Zentzu horretan, gero eta behar gehiago dagoela esan digu ordezkariak eta hori asetu beharra dagoela.
Debabarrenean, odol-emateak egonkortuta
Debabarreneko odol-emateen datuek erakusten dute eskualdean elkartasunak maila sendoari eusten diola. 2026ko lehen sei hilabeteetan 2.275 odol-emate egin dira, iazko epe berean baino zertxobait gutxiago (2.413), baina 2024ko datuen gainetik (2.232). Horrek agerian uzten du azken urteetan odol-emateen kopuruari egonkor eutsi zaiola.
Generoari dagokionez, gizonek odol-emate gehiago egiten jarraitzen duten arren, emakumeen parte-hartzea ere nabarmena da. Aurten, ekainera arte, 971 odol-emate egin dituzte emakumeek eta 1.304 gizonek. Guztira, 875 emakume eta 1.037 gizon izan dira emaile, eta batez beste gizonek emakumeek baino maizago ematen dute odola urtean zehar.
Emaile berrien datuek ere baikortasunerako tartea ematen dute. 2026an 184 lagun batu dira lehen aldiz odol emaileen sarera: 97 emakume eta 87 gizon. Hala ere, odol emaileen elkarteak belaunaldi berrien inplikazioa sustatzen jarraitzeko beharra azpimarratzen du, izan ere, gaur egun emaile gehienak 43 eta 63 urte arteko adin-tartean biltzen dira. Era berean, odol emateetan laguntzeko ere jende berria behar dela azpimarratu digu Zubiaurrek: “Eibarko eta Mutrikuko lan-taldeek urte askoan egin dute lan eta jende berria sartzen joatea gustatuko litzaiguke haize freskoa ekartzeko, ideia berriekin”.
Eskualdeko herriei erreparatuta, Eibar da odol-emate gehien biltzen dituen udalerria. Aurten 378 emate zenbatu dira bertan. Atzetik datoz Elgoibar (308), Deba (170), Soraluze (117), Mutriku (109) eta Mendaro (59). Datu horiek erakusten dute odol-emateen sareak eskualde osoa hartzen duela, herriz herri egiten diren ateratzeei esker.