Arkaitz Uranga, iltzultzailea: “Itzulpengintzak euskararen mundua eta literatura zabaltzen ditu”
Ez zuen espero telefono dei hark albiste hura ekarriko zuenik. Lanean zegoela jakin zuen Arkaitz Uranga Urbieta mendaroarrak Minaberri itzulpen beka irabazi zuela. Sariari esker, Jürg Schubiger idazle eta psikologo suitzarraren Als die Welt noch jung war euskaratuko du, Txalaparta argitaletxeak argitaratzeko. Itzulpengintzako Gradua egin du, eta hau izango da argitaratuko duen lehen liburua. Pozik eta ilusioz hartu du erronka, ikasteko aukera paregabea dela uste baitu.
Nola jakin zenuen Minaberri itzulpen beka irabazi zenuela?
Sekulako sorpresa izan zen. EIZIEtik -Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartetik- deitu zidaten lanean nengoela, goiz batean. Telefonoa hartu, albistea eman zidaten eta ez nuen sinesten. Poz handia hartu nuen, ez nuelako espero. Egia da parte hartzen duzunean beti dagoela irabazteko aukera, baina niri tokatuko zitzaidala ez nuen pentsatzen.
Nola iritsi zinen itzulpengintzara?
EHUn Itzulpengintzako Gradua ikasi nuen 2020tik 2024ra. Egia esan, ez nuen aurretik arlo honen inguruko ezagutza handirik, baina berehala harrapatu ninduen. Bereziki gustatu zitzaidan euskal itzulpengintzaren mundua.
EIZIEk itzultzaile gazteentzat hainbat ekimen eta beka sustatzen ditu, eta Minaberri aukera paregabea iruditu zitzaidan. Horregatik aurkeztu nintzen.
Ez zenuen zuk aukeratu itzuli beharreko obra. Hala ere, zer iruditu zaizu?
Lagina itzultzen hasi nintzenean gustura aritu nintzen. Haurrentzako ipuin laburren bilduma da, baina badu berezitasun bat: hizkera oso sinplea eta zuzena erabiltzen du, eta, aldi berean, helduek bakarrik antzeman dezaketen umore puntu bat ere badu.
Hori asko gustatu zitzaidan. Ume batek erraz ulertzen du testua, baina heldu batek ere beste irakurketa bat egin dezake. Niretzat hori izan da lanaren gauza erakargarrienetako bat.
Horrek tonua zaintzea ere eskatzen du, ezta?
Bai. Esaldi laburrak erabiltzen ditu, tonu nahiko lehorra, eta eguneroko egoerak nahasten ditu elementu fantastiko edo surrealistekin. Oso modu naturalean egiten du hori, eta hori euskaraz ere transmititzea da erronketako bat.
Nola lantzen duzu alemanierazko ahozkotasuna euskarara ekartzeko lana?
Liburuak elkarrizketatik eta ahozko hizkeratik asko edaten du. Horrelakoetan, nik neure buruari galdetzen diot: egoera horretan banengo, nola esango nuke nik hau? Lehen kolpean aterako litzaidakeen esaldia bilatzen saiatzen naiz. Uste dut liburuak berak ere hori eskatzen duela.
Nolakoa izaten da zure itzulpen-prozesua?
Jende askok liburua osorik irakurtzen du itzultzen hasi aurretik. Nik, aldiz, nahiago dut irakurlea bezala joatea, liburua itzultzen dudan heinean ezagutuz.
Egia da horrek gero atzera egin eta zenbait pasarte moldatzera behartzen zaituela, baina gustatzen zait horrela lan egitea. Horrez gain, beti saiatzen naiz egilea eta haren ibilbidea ezagutzen. Azkenerako, liburuaren munduan erabat murgilduta amaitzen dut.
Mentorerik izango duzu prozesuan?
Bai. Minaberri bekaren ezaugarrietako bat hori da. EIZIEk itzultzaile profesional baten laguntza jartzen dio bekadunari. Nire kasuan Naroa Zubillaga izango da mentorea. Unibertsitatean irakasle izan nuen, oso harreman ona izan genuen, eta ilusio handia egiten dit harekin lan egiteak.
Zer ekarpen egiten diote horrelako bekei euskal literaturari?
Zalantzarik gabe, ezinbestekoak dira. Euskara hizkuntza txikia eta minorizatua den heinean, itzulpengintza funtsezko tresna da beste hizkuntza eta kultura batzuetan sortutako lanak gurera ekartzeko. Horren bidez, euskararen literatura eta iruditeria aberastu egiten dira. Nik nahiko nuke egun batean liburu-denda batera joatea eta euskarazko liburu bat erostea guztiz naturala izatea. Ez "euskaraz irakurri behar dut" pentsatuta, baizik eta euskaraz kalitatezko literatura dagoelako: haur literatura, zientzia-fikzioa edo nahi den generoa.
Zer esango zenioke itzulpengintzan hasi berri den gazte bati?
Nik esango nioke presiorik ez hartzeko. Itzulpengintza oso prozesu pertsonala da, eta bakoitzak bere bidea egin behar du. Probatu, ateak jo eta norberaren barruak esaten dionari kasu egin behar zaio. Batzuetan ematen du libururik argitaratu ez baduzu ez zarela itzultzailea, baina ez da horrela. Itzulpengintzak aukera asko ematen ditu, eta garrantzitsuena da bakoitzak bere lekua aurkitzea.
Zer espero duzu esperientzia honetatik?
Lehenengo eta behin, ikastea. Hau izango da argitaratuko dudan lehen itzulpena, eta aukera paregabea izango da liburu oso bat hasieratik amaierara itzultzea zer den ezagutzeko. Alemanieratik euskarara mundu oso bat ekarri behar da, eta prozesu horretan murgiltzea da gehien erakartzen nauena. Espero dut, gainera, etorkizunerako ateak irekitzea.
Noiz ikusiko dugu liburua kalean?
Urte amaierara arte itzulpenean ariko naiz lanean, eta Txalapartak 2027an argitaratuko du.