Azaroaren 11ko greba orokorra antolatzeko hainbat hitzordu deitu dituzte Debabarrenean
Alde batetik, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) gazte langileen asanbladak deitu ditu greba antolatzeko. Lehenengo hitzorduak urriaren 23an izango dira, Eibarko Kultun (18:30ean) eta Ermuko Lobiano Kulturgunean (18:30ean). Hurrengo egunean, urriaren 24an, Debako Gaztetxean (11:30ean) elkartuko dira.

Bestalde, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ere azaroaren 11ko greba antolatzeko asanbladak deitu ditu eskualdean. Sindikatuak azaldu duenez, batzarren helburua «mobilizazioa zabaltzea, antolakuntza sustatzea eta greba herri eta auzoetan prestatzea» da. Urriaren 29an Ermuko Herriko Plazan (18:30ean) egingo dute lehenengoa; urriaren 31n, berriz, Debako Plaza Berrian (11:30ean) eta Eibarko Untzagako harmailetan (12:00etan) elkartuko dira.
Azaroaren 11ko greba orokorra etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren zein errentismoaren aurka deitu dute. Aldarrikapen nagusien artean daude espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi duenez, greba espekulatzaileen, errentisten eta haien zerbitzura daudela salatzen duten politikarien aurkako erantzun zabala izatea nahi dute.
Bi eragileek deitutako hitzorduen bidez, grebaren prestaketan aurrera egitea eta eskualdeko langileen parte-hartzea bultzatzea dute helburu, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du grebaren antolaketan lagundu edo parte hartu nahi dutenek 631 331 714 telefono zenbakira jo dezaketela.


