Azaroaren 11ko greba orokorreko mobilizazioa 12:00etan egingo dute Eibarren

ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek, Hiru-k eta etxebizitza sindikatuek mobilizazio bateratuak deitu dituzte Hego Euskal Herrian etxebizitza duinaren alde. Debabarrenean, Eibarko Untzaga plazatik abiatuko da protesta.
Azaroaren 11ko greba orokorreko mobilizazioa 12:00etan egingo dute Eibarren
2026/10/22 12:31
Irati Alvarez Malaxetxebarria

«Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! Contra el empobrecimiento, subida de salarios» lelopean, azaroaren 11n greba orokorra egiteko deia egin dute ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek, Hiru-k, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta etxebizitza sindikatuek. Gaur, urriaren 22an, Bilbon egindako agerraldian, greba egunerako adostutako aldarrikapenen berri eman dute, baita mobilizazioen lekuak eta ordutegiak zehaztu ere. Eibarren, eguerdiko 12:00etan egingo dute protesta, Untzaga plazan.

Deitzaileek nabarmendu dutenez, grebaren bidez Euskal Herriko esparrua babestu eta defendatu nahi dute. Horretarako, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta bertako erakundeei eragin nahi diete. Era berean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua indartzeko unea dela adierazi dute.

Etxebizitza izango da grebaren aldarrikapen nagusia. Sindikatuen arabera, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak langileen pobretzearen arrazoi nagusietako bat dira, eta egoera horrek arrakala matxista eta arrazistak areagotzen ditu. Horregatik, etxebizitza eskubide bermatua izatea aldarrikatu dute, osasungintza eta hezkuntza publikoak diren bezala.

Etxebizitzaren arazoaz gain, langileen pobretzea salatu eta soldatak igotzeko beharra nabarmendu dute. Era berean, herritar guztien eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak defendatu dituzte.

Hiru aldarrikapen nagusi

Kalitatezko etxebizitza bermatzeko, hiru neurri nagusi proposatu dituzte sindikatuek: espekulatzaileen ondasunak desjabetzea, jardun espekulatiboa debekatzea eta etxebizitzak zein baliabideak langileen beharren arabera antolatzea. Deitzaileen iritziz, egiturazko aldaketarik egin ezean, espekulazioak eta etxebizitzarekin negozioa egiteak bere horretan jarraituko dute.

Horiez gain, langileen egoera arintzeko beste neurri batzuk ere eskatu dituzte, hala nola etxegabetzeekin amaitzea eta etxebizitzen prezioak jaistea.

Instituzioen erantzukizuna

Etxebizitzaren arazoaren aurrean erakundeek duten erantzukizuna ere nabarmendu dute sindikatuek, Espainiako Gobernutik udaletaraino. PSOEk gidatutako gobernua kritikatu dute, azken zortzi urteetan egoera egituraz aldatzeko neurririk hartu ez duela iritzita.

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere egotzi diete erantzukizuna. Deitzaileen arabera, etxebizitzaren arloan eskumen zabalak izan arren, «negozioa indartzen duten politikak» babestu dituzte. Udalei ere egin diete kritika, zenbait herritan etxegabetzeak alternatibarik eskaini gabe gauzatu direla salatuta.

Confebask eta CEN patronalak ere kritikatu dituzte sindikatuek, prekaritatea betikotzea eta Hego Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari uko egitea leporatuta. Azken horren harira, gogorarazi dute zortzi hilabete baino ez direla igaro 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorretik.

Deitzaileek ohartarazi dute ez dutela onartuko alderdi politikoek etxebizitzaren auzia beren interesetarako erabiltzea, benetako konponbiderik proposatu gabe. Horren aurrean, egiturazko aldaketak eskatu dituzte: espekulatzaileen ondasunak desjabetzea, jardun espekulatiboarekin amaitzea eta etxebizitzak zein baliabideak langileen beharren arabera antolatzea.

Bestalde, etxebizitzaren arazoak ez ezik, soldaten debaluazioak ere langileen pobretzea areagotzen duela salatu dute. Horregatik, soldatak duintzea azaroaren 11ko greba orokorraren aldarrikapen nagusietako bat izango dela adierazi dute. Hego Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzea premiazko neurritzat jo dute, eta kaleak hartu eta egiturazko eraldaketak bultzatzeko garaia dela defendatu dute.

Mobilizazioak Hego Euskal Herrian

  • 12:30ean, Bilbon (Arriagatik) Donostian (Pio XIItik), Iruñean (Gaztelu plazatik) eta Tuteran (Foru plazatik).
  • 12:00etan: Gasteizen (Bilbo plazatik) eta Eibarren (Untzaga plazatik)

Arratsaldean ere mobilizazioak egongo dira 4 hiriburuetan zein herri ezberdinetan.