Basalgoko proiektuak izango lituzkeen ondorioak salatu dituzte Topinburun
Joan den zapatuan, martxoaren 7an, 200 herritar baino gehiagok parte hartu zuten Basalgoko proiektu eolikoaren aurkako mendi martxan. Eguraldi txarra izan arren, Debabarreneko hainbat udalerritatik —Eibar, Bergara, Soraluze, Elgeta eta Elgoibar— abiatu ziren herritarrak, eta Topinburuko tontorrean elkartu ziren proiektua salatzeko. Proiektuak zuzenean kaltetutako hainbat baserritar ere izan ziren parte-hartzaileen artean.
Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek Basalgoko parke eolikoaren proiektuak aurreikusten dituen aerosorgailuen eta bestelako azpiegituren kokaguneak ezagutzeko aukera izan zuten. Proiektuaren arabera, guztira sei aerosorgailu eraikitzea aurreikusten da, eta horietako bat Topinburun bertan kokatuko litzateke.
Behin tontorrean, aerosorgailuetako batek izango lukeen tamaina irudikatu zuten modu sinbolikoan: bertaratutakoek giza kate bat osatu zuten aerosorgailuaren errotaren diametroa estaliz. Ondoren, martxak Azurtza aldera jarraitu zuen, proiektuak zuzenean kaltetuko lukeen beste gune baterantz.
Topinburun egindako geldialdian, Manex Arzuagak —Eibarko Baso Biziak taldeko eta Eibarko Mendiak Bizirik plataformako kideak— azaldu zituen proiektuak eragingo lituzkeen kalteen inguruko xehetasunak. Arzuagaren esanetan, aerosorgailuak udalerrietatik oso gertu eraikitzeko asmoa dute, eta horrek ingurumenari eta inguruko bizilagunei kalte handiak eragin diezazkieke.
Halaber, parte-hartzaileek Arena Power enpresak sustatutako planaren xehetasunen berri jaso zuten, baita proiektua geldiarazteko plataformak egiten ari den lanarena ere. Gogorarazi zutenez, abenduan 6.282 alegazio aurkeztu zituzten egitasmoaren aurka, eta oraindik erantzunaren zain daude.
Bestalde, plataformak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin duela haien eskaera, eta, ondorioz, Eibarko Mendiak Bizirikeko ordezkariek agerraldia egingo dute Aldundiko Jasangarritasun Batzordean martxoaren azken astean. Bertan, Basalgoko proiektuaren aurka milaka herritar mobilizatzera eraman dituzten arrazoiak azalduko dizkiete lurraldeko ordezkariei.
Mendi martxaren amaieran, plataformak jakinarazi zuen aurrerantzean ere mobilizazioak egiten jarraitzeko asmoa dutela, Basalgoko proiektua gelditzeko helburuarekin.

