Debabarrena, klima-arrisku gero eta handiagoen aurrean
“Debabarrena klima-arrisku gero eta handiagoen testuinguruan dago, batez ere tenperaturaren igoerarekin eta prezipitazioen irregulartasun handiagoarekin lotuta.” Ondorio hori atera du BateraLabs Gipuzkoako Foru Aldundiaren plataformak Debabarreneko 80 eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalekin egindako diagnostikoan.
BateraLabs Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklima Klima Aldaketaren Fundazioak sustatutako ekimena da. Eskualdeka klima-aldaketaren aurkako neurriak diseinatzeko eta garatzeko partaidetza-prozesuak lantzen ditu, eta oraingoan Debabarreneko udal eta eragileen txanda izan da.
Saioan 80 eragile sozial, ekonomiko eta instituzional bildu dira, besteak beste Eibar, Deba, Elgoibar, Mutriku, Mendaro eta Soraluzeko udalak, Debegesa garapen agentzia, Armeria Eskola, BPTD enpresa elkartea, Nagusilan, Gurutze Gorria, Deba Bailarako Industrialdea, DEBEMEN Landa Garapenerako elkartea, Egoaizia GKEa, Eibarko Baso Biziak, IMH Campus, Morkaiko Mendizale Elkartea, Eibar Kirol Elkartea, Urkizu erretiratuen etxea eta beste hainbat eragile.
Eibarko Errebal kulturgunean egindako bileran, eskualdeko diagnostikoa aurkeztu, pertzepzioak partekatu eta hurrengo faseetan jorratuko diren lehentasunak identifikatu zituzten.
Klima-arriskuak, goranzko joeran
Aurkeztutako azterketaren arabera, Debabarrena klima-arrisku gero eta handiagoen eraginpean dago, bereziki tenperaturen igoeragatik eta prezipitazioen aldakortasunagatik. Horren ondorio nagusien artean aipatu dira bero-boladak eta gau tropikalak ugaritzea, baita lehorte-aldiak eta euri-jasa handiak tartekatzea ere.
Egoera horrek uholde-arriskua, lurzoruaren higadura eta balizko lur-irristatzeak areagotzen dituela ondorioztatu dute, eta ekosistemetan nahiz lurzoruaren erabileran presioa handitzen duela ere bai.
Itsas mailaren igoera ere kontuan hartu beharreko faktoretzat jo dute, lurralde-plangintzan eragin zuzena izango duelakoan. Halaber, Arnoko KBEaren kasuan, klima-aldaketaren aurrean kalteberatasun berezia identifikatu dute, eskualdeko balio ekologiko handieneko guneetako baten sentsibilitatea agerian utziz.
Hala ere, diagnostikoak argitu du Debabarreneko batez besteko arrisku-maila, oro har, ertain-baxua dela gaur egun. Dena den, lehortearekin eta haren ondorio metatuekin lotutako inpaktuak nabarmendu dira, bereziki baso-suteen arriskuaren gorakada, basogintza-sektorearen kalteberatasuna handitzen ari delako.
Hiri-ingurunean ere eragina aurreikusi dute: estres termikoaren igoera gero eta faktore garrantzitsuagoa izango da espazio publikoaren plangintzan, eta egungo kalteberatasuna ertaina bada ere, datozen hamarkadetan handitzeko joera izango du, egokitzapen-neurririk ez bada hartzen. Era berean, ibai-uholdeen arriskuak ere goranzko joera mantenduko du 2041-2070 aldira begira.
Eremu sozioekonomikoari dagokionez, lehen sektorea bereziki ahul ageri da tenperaturen igoeraren aurrean, eta horrek eragina izan dezake abeltzaintzan eta animalien ongizatean. Basogintzaren kasuan, berriz, kalteberatasun handiena identifikatu da, bai sute-arriskuagatik, bai euri-jasen ondorioz ekoizpen-gaitasunean eta egonkortasunean izan dezakeen eraginagatik.