Debabarreneko Esperientzia Eskolako 15 ikasle berriei ongietorria eman die Ikasten elkarteak
Ikasten elkarteak 2026-2027 ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin du gaur goizean, Armeria Eskolan, Debabarreneko Esperientzia Eskolako ikasle berriei eta bazkideei ongietorria emateko. Aurtengoa Esperientzia Eskolako 22. promozioa 15 ikaslek osatzen dute. Izena eman duten lagun guztiak eskualdean (Eibarren, Mendaron, Deban eta Ermuan) bizi dira.
Mertxe Arriola Ikasten elkarteko presidenteak, Jon Iraola Eibarko alkateak, eta aurkezle lanetan aritu den Agurtzane Aulestiartek hartu dute parte ekitaldian eta, jarraian, pianoarekin lagundutako poesia saioa eskaini dute Maite Lorenzok eta Alberto Egiak (Rapsodas SA). Amaitzeko, Ikasten elkarteak liburu-sorta eder bat banatu du ekitaldira joan direnen artean: zozketako irabazleek liburu bana jaso dute, opari gisa.
Ikasturte berriaren hasierarekin batera, Ikastenek urtean zehar antolatzen dituen jarduerei ere ekingo diete. Besteak beste, senderismoa, joskintza eta puntua, luzaketak eta antzerki-taldea izango dira aukeran. Etengabeko prestakuntzaren barruan, hitzaldiak, tailerrak eta kultur jarduerak ere antolatuko dituzte. Horiez gain, Kaleetan Kantuz ekimenak eta aurretiazko borondateen dokumentuari buruzko informazio-zerbitzuak (Agurtzen izenekoak) ere izango dute lekua egitarauan.
Maiatzera arteko ikasturtea
Klaseak urriaren 20an hasi eta 2027ko maiatzaren 21ean amaituko dira. Ikasleek astean hiru egunetan egingo dituzte jarduerak: martitzen eta eguaztenetan, 09:30etik 12:30era, Torrekuako gizarte zentroan, Udalak lagatako ikasgelan; eta eguenetan, berriz, Armeria Eskolan, 10:00etatik 12:00etara.




