Barré Mugimendua Zentroak, Ikasten elkarteak eta Mikel Larrañagak jaso dituzte 2026ko Gure Balioak sariak
Barré Mugimendua Zentroak, Ikasten elkarteak eta Mikel Larrañagak jaso dituzte 2026ko Gure Balioak sariak. DEBEGESA Debabarreneko Garapen Agentziak antolatutako hamabigarren edizioaren sari-banaketa atzo egin zuten, azaroaren 26an, Elgoibarko Herriko Antzokian, Laboral Kutxaren babesarekin. Hiru kategorietan banatutako sarien bidez, eskualdeko ekintzailetza, gizarte-kohesioa eta urteetako konpromisoa aitortu dituzte.
Gazte Ekimena kategorian, Nora Astigarragak sustatutako Barré Mugimendua Zentroak jaso du saria. Epaimahaiak proiektuak eskualdean duen errotzea, merkatuaren behar bati erantzuten dion negozio-eredua eta garatzeko jasoko duen bultzada nabarmendu ditu. Saria 2.000 eurokoa da, eta urtebeteko aholkularitza pertsonalizatua, coworking-guneak eta hedapen-plana ere jasotzen ditu.
Astigarragak aitortu zuen ez zuela saria jasotzea espero: «Zortea probatzearren eman nuen izena, eta oso pozik nago saria jaso izanaz». Etorkizunera begira, ongizate-zentro integral handiago bat sortzea du helburu, barré, yoga, elikadura eta psikologia zerbitzuak eskaintzeko.
Gizarte Ekimena kategorian, Ikasten elkarteak jaso du saria. Epaimahaiak elkartearen boluntariotza-izaera, Debabarrenean duen errotzea eta gizarteari egiten dion ekarpena nabarmendu ditu. Merche Arriola lehendakariak eta Maite Bustinduy idazkariak jaso zuten saria. 2.000 euroko dirulaguntzaz gain, proiektuaren ikusgarritasun-plana ere jasoko dute.
Saria jasotzean, elkartearen 22 urteko ibilbidean parte hartu duten pertsonak izan zituzten gogoan: «Gure aurretik elkartea posible egin duten pertsona guztiak jarri nahi ditugu balioan; 22 urteko ibilbide honetan jende askoren lanari esker jarraitzen du elkarteak bizirik», adierazi zuten.
Bizitza Osoko Ibilbidea saria, berriz, Mikel Larrañagari eman diote, Debabarreneari egindako ekarpenagatik. 1946an Eibarren jaioa, trantsizio osteko herriko lehen alkatea izan zen, eta Euskaraz eta kitto! udal-bando ezaguna kaleratu zuen. SD Eibarrekin eta beste hainbat gizarte-ekimenekin ere lotura estua izan du. Epaimahaiak euskararen, kulturaren, kirolaren eta elkarbizitza demokratikoaren arloetan egindako lana nabarmendu du. Oihane Ortega artistak sortutako eskultura jaso zuen sari gisa.
Larrañagak azaldu zuen aitortza ez dela une jakin bateko lorpen baten ondorio, bizitza osoan egindako lanaren aitortza baizik. Bere ibilbidean errespetua eta tolerantzia izan dituela oinarri adierazi zuen, eta desberdin pentsatzen dutenen iritziak errespetatzearen garrantzia azpimarratu.
Lau balio, sariaren oinarri
Gure Balioak sariak 2010ean sortu zituzten, Debabarreneko herritarrekin adostutako lau balio sustatzeko: integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza. 2024an berritutako formatuari jarraituz, bi urtean behin egiten dituzte sariak, hiru kategoriatan banatuta.
Lorea Arakistainek gidatu zuen atzoko ekitaldia. Biraka Dantza Taldearen emanaldiek ireki eta itxi zuten saioa, eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkate eta DEBEGESAko lehendakariak ere hartu zuen hitza. Haren esanetan, sarietan aitortzen diren balioak funtsezkoak izan dira Debabarrena eraikitzeko, bai enpresa-arloan, bai gizartean.
