Zabalik dago Debabarreneko aisialdiko begirale ikastaroan izena emateko epea

Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta ikastaroa amaitzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako "Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale" titulua eskuratuko dute.
Zabalik dago Debabarreneko aisialdiko begirale ikastaroan izena emateko epea
2026/07/07 14:43
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Debabarreneko udalek aisialdiko begirale ikastaroaren edizio berria antolatu dute 2026-2027 ikasturterako. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta ikastaroa amaitzen dutenek, praktikaldia bukatutakoan, Eusko Jaurlaritzak homologatutako "Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale" titulu ofiziala eskuratuko dute.

Aurtengo ikasturtean 36 lagunek parte hartu dute Gaztetxoak Eskolako teknikariek emandako prestakuntzan: 11 eibartarrek, hiru mutrikuarrek, bost mendaroarrek, hiru debarrek, zazpi soraluzetarrek eta beste zazpi elgoibartarrek. Bi taldetan banatuta, saioak Eibarren, Elgoibarren eta Mendaron egin dituzte, eta egonaldiak ere izan dituzte Zugaztietako aterpetxean. Praktikaldia amaitutakoan jasoko dute titulazio ofiziala.

Antolatzaileek ikastaroak izandako harrera ona nabarmendu dute, eta horregatik datorren ikasturtean ere eskainiko dute. Prestakuntza euskaraz izango da, eta parte-hartzaileek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzerako, 2027ko ekainaren 30erako.

Ikastaroaren atal teorikoa urrian hasiko da eta maiatzean amaituko da. Guztira 150 ordu izango ditu, bi tutoretza-saio eta asteburu osoko hiru irteerarekin. Ondoren, ikasleek 160 orduko praktikaldia egin beharko dute boluntario gisa. Larunbatetako saioak Debabarreneko bi herritan egingo dira, izen-ematearen arabera, 09:30etik 18:30era.

Matrikularen prezioa 300 eurokoa izango da. Hala ere, Debabarreneko udalerriren batean erroldatuta daudenek 150 euro baino ez dituzte ordainduko. Ikastaroan izena emateko epea irailaren 18ra arte egongo da zabalik.