Eibarko Mendiak Bizirik-ek agerraldia egingo du bihar Batzar Nagusietan

Eibarko Mendiak Bizirik-ek agerraldia egingo du bihar Batzar Nagusietan
2026/04/15 13:41
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Mendiak Bizirik plataformak agerraldia egingo du bihar, apirilaren 16an, Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean, foru erakundeak eskaera onartu ondoren. Helburua izango da Basalgoko proiektu eolikoaren aurka milaka herritar mobilizatzera eraman dituzten arrazoiak zuzenean azaltzea ordezkari politikoei.

Plataformak azaldu duenez, aurreikusitako sei makroaerosorgailuek kalte ugari eragingo lituzkete Debabarreneko eta Debagoieneko bost udalerritan. Besteak beste, mendian tamaina handiko errepideak eraikitzea, haizerrota bakoitzerako hormigoizko plataforma erraldoiak egitea eta 13.000 zuhaitz erauztea ekarriko luke proiektuak. Horrez gain, landa-lurren eta basoen industrializazioa, hegazti mehatxatuen habitatetan izan dezakeen eragina, kultura-ondareari kalteak eta paisaiaren eraldaketa ere salatu dituzte.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, 6.282 pertsonak sinatu dituzte proiektuaren aurkako alegazioak, eta orain azalpen horiek guztiak Batzar Nagusietan emango dituzte.