Eibarko Mendiak Bizirik plataformak XVI. Galdaramiño Igoeran parte hartzera deitu du

Eibarko Mendiak Bizirik plataformak XVI. Galdaramiño Igoeran parte hartzera deitu du
2026/05/21 11:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ekainaren 7an jokatuko den XVI. Galdaramiño Igoeran parte hartzera animatu ditu herritarrak Eibarko Mendiak Bizirik plataformak. Taldearen esanetan, hitzordua aukera paregabea izango da Basalgon eraiki nahi duten parke eolikoak eragingo lukeen eremua bertatik bertara ezagutzeko.

Izan ere, probako ibilbidearen zati handi bat makroerrotak jartzeko aurreikusita dagoen mendilerrotik igaroko da. Zehazki, 19 kilometroko lasterketak eta distantzia bereko mendi martxa ez lehiakorrak Topinburutik egingo dute bidea Ilordoraino, parke eolikoaren proiektuak zuzenean ukituko lukeen ingurutik.

Aurtengo edizioak hiru aukera eskainiko ditu: 10 kilometroko lasterketa, 19 kilometroko lasterketa eta 19 kilometroko mendi martxa ez lehiakorra. Plataformak herritarrak gonbidatu ditu bai proban parte hartzera, bai korrikalariei animoak ematera gerturatzera.

Eibarko Mendiak Bizirik-en ustez, kirola eta naturarekiko sentsibilizazioa uztartzeko aukera emango du hitzorduak, eta ingurune horren balio paisajistiko eta naturalaz jabetzeko balioko du.