Elgoibarko bidesaria modernizatzeko obrak uztailean abiatuko dituzte

Elgoibarko bidesaria modernizatzeko obrak uztailean abiatuko dituzte
2026/06/29 13:22
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Elgoibarko bidesariak aldaketa teknologiko eta azpiegiturazkoak izango ditu datozen hilabeteetan. Aste honetan abiatuko dituzte lehenengo obrak, nahiz eta obra nagusienak uztailaren erdialdean hasiko diren. Obrek 16 hilabete iraungo dute, eta 2027ko urrian amaitzea aurreikusi dute. Lanek 4.731.231,37 euroko aurrekontua izango dute (BEZik gabe), eta Bidegik finantzatu du.

Obrei esker, Via-T zerbitzua erabiltzen dutenen zirkulazioa arinduko da, mugikorrarekin ordaintzeko aukera izango da, seinaleztapena hobetuko da, eta zabalera bereziko ibilgailuek igarotzeko erraztasun handiagoa izango dute, besteak beste.

Obrak bost fasetan egingo direla iragarri dute. Lehenengo fasea aste honetan hasiko da, eta irailean amaitzea aurreikusi dute. Adierazi dutenez, fase horrek ez du eraginik izango erreietan.

Trafikoari dagokionez, ordainlekua beti aktibo egongo da, eta une oro bi errei bermatuko dira. Murrizketak gauez edo zirkulazio dentsitate txikiko orduetan egingo dira.

Azkenik, Bidegik adierazi du lanak ahalik eta eragozpen gutxienekin egingo dituela.