Haurrentzat bost antzezlan taularatuko dituzte bihar hasiko den Debabarreneko 41. Eskolarteko Antzerki Erakusketan
Herriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dauden emanaldiekin batera, programazioaren barruan kaleko hainbat ikuskizun eskainiko dira. Eibarko Udalaren Kultura sailak antolatu du Debabarreneko 41. Eskolarteko Antzerki Erakusketaren egitaraua eta, adierazi dutenez, “eskola-publikoa antzerkira hurbiltzea da, eta antzerki-konpainiek beraien ikuskizunak publiko horri erakustea” da ekimenaren helburu nagusia. Hori dela eta, antzezkizun guztiak eskola-orduetan (15:00etan) izango dira, Coliseo antzokian.
Marie de Jongh Teatroa konpainiak zabalduko du programazioa, bihar (martitzena) taularatuko duen Kimu lanarekin. Taldeak duen estilo bereziari jarraituta, oso bisuala izango da, eta irudimenez betetako istorioa kontatuko diete ikusleei euskaraz. Eta, etzi (maiatzak 7, eguena), Spasmo Teatroa taldeak Zomorrotxoak izenburuko lana eskainiko du, hori ere euskaraz. Keinuzko umore antzerkia izango da, ia hitzik gabekoa, eta lanak intsektuen mundua aurkeztuko die haurrei. Bi antzezlan hauek Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailakoentzat izango dira.
Maiatzaren 8an, berriz, Labanda Teatro zirko konpainiak Nuur ikuskizuna eskainiko du, 5 urteko gelako eta Lehen Hezkuntzako 1. mailakoentzat. Yarleku konpainiaren eskutik Etxerik txikiena lana aurkeztuko dute maiatzaren 12an (martitzena), Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrentzat. Eta, amaitzeko, maiatzaren 19an (martitzena) Lasala konpainiak Alai familian lana eskainiko du, 5 urteko gela eta Lehen Hezkuntzako 1. mailako umeentzat.