LABek salatu du Enerpacek Mallabiko Larzep lantegia itxi eta 43 langile kaleratu nahi dituela
LAB sindikatuak salatu du Enerpac multinazionalak Mallabiko Larzep lantegia ixteko asmoa duela, eta erabakiak bertako 43 langileei eragingo liekeela. Sindikatuaren arabera, enpresak ekoizpena beste herrialde batera eramateko asmoa du, eta horren atzean deslokalizazio estrategia bat dago.
Enerpacek eguenerako deitu ditu langileen ordezkariak, enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioari ekiteko. LABek bilera horretarako deialdiaren bidez izan du itxiera-asmoaren berri, baina salatu du oraindik ez duela jaso enpresaren erabakia justifikatzen duen dokumentaziorik. Hala, sindikatuak adierazi du ez dakiela zein arrazoi eman dituen zuzendaritzak lantegia ixteko.
Mallabiko lantegiak ibilbide luzea du Debabarrenean. Larzep izenarekin sortu zuten 1940an, eta erreminta eta makineria hidraulikoa ekoizten ditu. Enerpacek 2024ko urtarrilean bereganatu zuen enpresa. Gaur egun, AEBetako multinazionalak 2.300 langile inguru ditu eta 22 herrialdetan ditu lantegiak.
LABek zalantzan jarri du itxiera ekonomia-arrazoiengatik planteatu izana. Sindikatuak gogorarazi du Enerpac Tool Group-ek 581 milioi euroko salmentak izan zituela azken ekitaldian, aurrekoan baino %6 gehiago, eta 80,3 milioi euroko irabaziak izan zituela. Datu horiek aintzat hartuta, LABek uste du enpresak ez duela arrazoi ekonomikorik Mallabiko lantegia ixteko, eta kostu txikiagoak dituen beste ekoizpen-gune batera eraman nahi duela jarduera.

