Osasun Sailak Mutrikuko eta Debako hondartzetan ez bainatzeko gomendioa eman du

Uraren kalitatea ez da behar bezalakoa eta azken egunetan izandako prezipitazioekin lotu dute egoera hori
Osasun Sailak Mutrikuko eta Debako hondartzetan ez bainatzeko gomendioa eman du
2026/06/30 17:43
Ekhi Belar Errasti

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez bainatzeko gomendioa eman du Euskal Herriko hainbat hondartzatan, azken laginketetan uraren kalitate mikrobiologikoak ez dituelako ezarritako baldintzak bete. Neurria prebentzioz hartu da, Escherichia coli (E. coli) bakterioaren maila altuak atzeman ostean.

Debabarrenari dagokionez, gomendioak Mutrikuko Saturraran, Ondarbeltz eta portuko hondartzei eta Debako hondartzari eragiten die. Horiez gain, Zarauzko hondartzan eta Zumaiako Santiagon ere ez bainatzeko gomendioa zabaldu du Osasun Sailak.

Gipuzkoatik kanpo, Bizkaiko Muriola (Barrika), Ea (Ea), Isuntza (Lekeitio), Arrigorri (Ondarroa) eta Karraspio (Mendexa) hondartzetan ere neurri bera ezarri dute.

Osasun Sailak azaldu duenez, azken egunetako euriteen ondorioz uraren kalitateak aldi baterako okerrera egin du eta horrek bakterioen kontzentrazioa handitu du zenbait hondartzatan. Horregatik, herritarrei gomendatu diete ez bainatzeko harik eta analisi berriek uraren egoera berriro egokia dela baieztatu arte.

Datozen egunetan laginketa berriak egingo dira eta emaitzen arabera erabakiko da gomendioa indargabetu edo mantendu. Bien bitartean, erakundeek hondartzetako informazio-paneletan eta ohiko komunikazio bideen bidez egoeraren berri ematen jarraituko dute.