Zaldibar Argituk salatu du lixibiatuak Deba ibaira kontrolik gabe isurtzen direla

Zaldibar Argituk salatu du lixibiatuak Deba ibaira kontrolik gabe isurtzen direla
2026/03/24 14:33
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Zaldibar Argitu plataformakk salatu du Zaldibarko zabortegitik datozen lixibiatuak kontrolik gabe isurtzen ari direla ibaira, eta horrek ingurumenean zein herritarren osasunean kalte larriak eragin ditzakeela ohartarazi du. Salaketa hori ikusgarri egiteko, ekintza bat egin dute Debako zubian.

Plataformaren arabera, zabortegian sortzen diren lixibiatuak Ego ibaira iristen dira, eta handik Deba ibaira. Ego ibaitik Deba ibaira iristen direnez, kutsadura hainbat udalerritatara hedatzen dela ohartarazi dute: Zaldibar, Ermua, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Deba, itsasoratu aurretik. 

Zaldibar Argituren ustez, zabortegiaren egoera “penagarria” da eta “erabat abandonatuta” dago. Gogorarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak 2025eko irailean egindako ikuskaritzaren arabera, euria etengabe egiten duenean lixibiatuak ibilgura isurtzen dira, eta zenbait puntutan jariatze-urak lur naturalera iragazten dira. Gainera, azaleko zein lurpeko uren eta lixibiatuen gaineko kontrolik ez dela egiten salatu dute.

Bestalde, Gipuzkoako Urak-ek egindako azterketa baten arabera, 2024 eta 2025 bitartean estoldetara isuritako lixibiatuek hainbat muga-balio gainditu zituzten, besteak beste kolorea, nitrogeno amoniakala, toxikotasuna, fenolak eta guztizko nitrogenoa. Plataformaren esanetan, “onartezina” da hondamendia gertatu zenetik sei urte igaro direnean halako arazoek jarraitzea.

Azkenik, Zaldibar Argituk adierazi du Eusko Jaurlaritzak 29 hutsegite identifikatu dituela zabortegian, eta eskatu dio akats horiek berehala zuzentzeko, ingurumena eta herritarren osasuna babesteko beharrezko neurriak hartzearekin batera.