Mikel Arrillaga
Mikel Arrillaga

"Egia gutxi eta..."

2023/01/23
El Diario Vascoren bertsio digitalean irakurri nuen. Albistearen arabera, poliziak emakume bat atxilotu zuen Lanbideri 15.000 euroko iruzurra egitearren. Emakumea Eibarren erroldatuta zegoen eta adin txikiko semearekin bizi zela esaten zuen diru-laguntzak jaso ahal izateko, nahiz eta bera Frantzian bizi eta semea Andaluzian aitarekin. Xehetasun gehiago ere ematen zituen berriak, besteak beste, garbi uzten zuen atxilotuaren jatorri marokoarra.

Deigarria da tonu bereko zenbat albiste agertzen diren tarteka-marteka, denok dakigunean hutsaren hurrengoa direla Lanbideri egindako balizko iruzurrak. Hori ez diot nik. Idoia Mendiak berak azaldu zuenez, 2022an 50.000 lagunek jaso zituzten laguntzak, eta horien artean susmagarriak 224 ziren; hau da, %0,45.

Salbuespenak xehe kontatzen dizkigute, beraz, baina zuzen dabilen gainerako %99,55aren gurutze biderik inoiz ez, eta badago zer kontatua. Errolda-agiria eskuratzea izaten da lehenengo zeregina, hura gabe ez baitute ezertarako eskubiderik. Hala ere, agiria lortzea ia ezinezko jartzen diete gizarte-zerbitzuek eta prozesu luzea izaten da. Behin erroldatuta daudenean, hiru hilabete itxaron behar izaten dute Osakidetzako txartela jasotzeko, eta sei hilabete larrialdi sozialeko laguntzak eskatu ahal izateko.  Horiek desberdinak dira herri guztietan; Ermuan, esaterako, 250 euro tokatzen dira: 100 gela bat ordaintzeko, eta 150 arropa edo janaria erosteko...  Kontua da diru-laguntza eskatu eta jaso bitartean zazpi-zortzi hilabete pasa daitezkeela: Urtarrilean eskatu, apirilean onartu, eta agian irailean kobratzen hasi. Hori bai, eskatzen dutenetik sei hilabetera gastu guztiak justifikatzera behartzen dituzte. Bai, ongi ulertu duzue: tiketen bidez, justifikatu egin behar dute, jaso ez duten dirua non gastatu duten!  Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) famatua eskatzeko, hiru urtez egon behar dute erroldatuta, eta urte horietan guztietan ezin dute inolako lanik egin; beste era batera esanda, behartuta daude beltzean jardutera, erdi esklabotzan, alegia. Horrelaxe dihardute, besteak beste, Hego eta Erdialdeko Amerikatik etorritako horrenbeste emakumek; gure nagusiak zaintzen dituzte baldintza negargarrietan. Iritsi berri askok heziketari eskaintzen dizkiete urte horiek: espainiera ikasi, lanbide heziketakozikloren bat... eta jakina; biziraun.

Etorkinen gurutze bideak aurrera jarraitzen du, lan baimena eta, azkenik, herritartasuna lortu arte. Oso konplikatuak horiek ere. Ni, berriz, bidegurutze honetan jaitsiko naiz oso luze joko bailuke hori azaltzeak, eta zoritxarrez, hedabideetan %0,45en ekintzak dira albiste, aurreiritzi arrazisten alpiste.

Bukatzeko, zorionak eta mila esker etorkinei harrera egiten ari zaretenoi; miresgarria, benetan! Hori da burokraziaren sasi artetik loreak ateratzea.